COVID eremuak murriztu dituzte ospitaleetan, okupazio datuen hobekuntza dela eta

Euskalerria Irratia 2022ko ots. 18a, 07:46

130 lagun daude ospitaleraturik, haietatik 17 ZIU postuetan.

2020 urtean hasi zen pandemia ziklo berrian murgildu da seigarren olatuaren amaieran. Neurri murriztaileak aste honetan bertan behera uztearekin batera eta izurriaren adierazleek beheranzko joera hartu ostean, orain erietxeetako egituran hasi dira aldaketak aplikatzen.

Ospitaleetako okupazioa pixkanaka behera egiten ari da eta horregatik aurreko astean ohiko ebakuntza programazioari heldu zioten Nafarroako Unibertsitate Ospitalean (NUO). Kontsultak ere berreskuratu dituzte. Osasunbideak iragarritako azkeneko urratsa COVID eremuak murriztea izan da.

Atzoko datuen arabera 130 gaixo daude koronabirusarekin ingresatuta erietxeetan haietatik 17 zainketa intentsiboetako unitateetan. Une honetan NUOko 6. unitate orokorra eta 5. unitate orokorraren erdia hartzen dute pazienteek, gehi etxeko ospitaleratzeetarako unitate bat eta 14 ZIU unitate. Seigarren olatuan zehar, B ospitaleko seigarren, bosgarren eta laugarren unitateak osorik hartu zituzten, lau etxeko ospitaleratzeetarako unitate (48 ohe) eta kritikoentzako unitate gehiagorekin, lau box prestatu baitzituzten Kirurgia Nagusiko gunean. 

Era berean, koronabirusaren intzidentzia-zifren jaitsierari esker, hil honen hasieratik berriro ekin ahal izan zaio etxeko ospitaleratzeen lantaldearen ohiko jarduerari Nafarroako iparraldeko oinarrizko osasun-eremuetan; ospitalizazio-modalitate hori, martxan mantendu dute azarotik Lizarran. Nolanahi ere, datuek bilakaera ona izan duten arren, Osasunbideak egoera monitorizatzen jarraitzen du, eta garapen epidemiologikoan gerta daitezkeen aldaketen aurrean erantzuteko gaitasuna aktibo mantentzen du.

Bi hilabeteko epean, 215 ebakuntza atzeratu dituzte, programaturik zeuden 1.478en %14,5. Osasun departamentutik adierazi dute "kirurgia-jarduera onkologikoa eta urgentea" mantendu dutela eta orain jarduera berreskuratu dutela "ospitaleratzerik eskatzen ez duen ebakuntzen kasuan". 

Jarduera kirurgikoaren errekuperazioa pixkanaka gertatzen ari da urtarrileko azken astetik, eta aste honetan normaltasun osoa lortzen ari da, datorren astetik aurrera Traumatologiako Itxaron-Zerrenda Planari berriro ekingo diote.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!