Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak Orreaga Fundazioko ordezkaritza bat hartu du asteazken honetan, Koldo Amatriak eta Marian Perez de Lamanak osatua. Bilera horretan, Luzaiden Orreagako bataila irabazi zutenen omenezko monumentu bat eraikitzeko proiektuaren nondik norakoak azaldu dizkiote Hualderi.
Foru Parlamentuak jakinarazi duenez, Patxi Aldunatek egindako talde eskultorikoa da, "herriko, bailarako eta gainerako Euskal Herriko jendea ordezkatzen duena". Fundazioak "Nafarroako kultura eta historia sustatzen" ditu, eta herritarrek monumentuaren eraikuntzan laguntzerik eduki dezaten kanpaina bat jarriko du abian aurki.
Nolanahi ere, Orreaga Fundazioko kideek erakundeen laguntza ere jaso nahiko lukete:
"Nafarroako Parlamentuaren laguntza jaso nahiko genuke, bere garaian parekorik ez duen balentria bat da, sinbologiaz betea eta Europa osoan aitortua, protagonista izan zen herriaren harrotasuna azpimarratzeko balio beharko lukeena”. “Maketa, artista eta Luzaideko Udalaren onarpena ditugu herriaren erdigunean kokatzeko. Finantziazioa besterik ez da falta ", azaldu du Koldo Amatriak.