Iñigo Gutierrez, Izadiren aita espetxera itzultzera behartu dute Auzitegi Nazionaleko epaileek, aho batez hirugarren gradua jaso eta hiru astera. Kasuak bi astungarri ditu: neskatoa aitarik eta amarik gabe kalean geratzeaz gain, Gutierrezi bost hilabete geratzen zaizkio kondena azkentzeko.
Unai Fano eta Jon Cresporen kasuen ondoren, Auzitegi Nazionalak Iñigo Gutierrezi ere hirugarren gradua kendu dio, Etxeratek jakinarazi duenez. Ama ere, Maria Lizarraga burlatarra, espetxean dago, eta, beraz, familia-inguruak adingabearen egoera salatu du.
Jon Cresporen kasuan bezala, Izadiren aita "barkamena ez eskatzeagatik" bidali dute espetxera berriro. Baldintza hori ez dago jasota lege-egituran, baina Auzitegi Nazionaleko Zigor-arloko Salako Lehen Sekzioak eta Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak bere egin dute.
Hirugarren gradua Madrilgo Aranjuez kartzelako Tratamendu Batzordeak proposatu zuen aho batez, eta, ondorioz, Espainiako Gobernuaren mendeko Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak hartu zuen bere gain.
2021eko abenduaren 30ean argitaratu zuten, baina ez zen gauzatu urte berria hasi arte. Euskal Herriratzea zekarren aginduak, eta, beraz, orain EAEko espetxe batera eramango dute.
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak errekurritu egin zuen Iñigo Gutierrezen hirugarren gradua, eta Epaitegi Zentralak dio Aranjuezko Tratamendu Batzordearen irizpidearen gainetik egon behar duela, nahiz eta aho batez onartu azalpenean.
Abenduko aginduari esker, Izadi aitarekin egon zen kalean urtarrilaren 23an neskatoak hiru urte bete zituenetik.
Gutierrezi ezarritako espetxera itzultzeko derrigortasunak, beraz, orain arte ezagutu ez duen egoeran uzten du haurra: kalean eta amaren eta aitaren laguntzarik gabe.