Lezkairu taldeko bi gazte migranteek jokatzeko baimena dute

Euskalerria Irratia 2022ko ots. 14a, 13:27

FIFAren araua ez da aldatu baina Nafarroako Futbol Federazioak jokatzeko baimena eman die.

Lezkairuko Bigarren Gazte Mailako taldean dauden lagundu gabeko bi adingabe migranteek Nafarroako Futbol Federazioaren behin-behineko baimena dute denboraldi honetan jokatzeko. FIFA arauak indarrean jarraitzen du, baina jokalarien egoera desblokeatu egin dute, klubaren eskariari kasu eginez. Igande honetan haietako batek bere lehen partidua jokatu du.

Horrela, denboraldi-aurrean hasi zen arazo bati aldi baterako amaiera ematen zaio. Inoren kargura ez zeuden adingabe migranteak izanik, klubak ez zuen haien fitxa izapidetzerik, FIFAren estatutuari eta jokalari-transferentziari buruzko erregelamenduaren 19. artikuluak hori eragozten baitu. Arauak dio gurasorik ez izateagatik ezin dutela jolastu.

Bi gazte hauek, Nafarroako Gobernuaren babespean daude Mugarik Gabeko Elkartean, eta dokumentazio guztia behar bezala dute, hala nola errolda, helbidea eta identifikazio-dokumentua. FIFA arauaren helburua da adingabeak babestea nazioarteko klub handien neurriz kanpoko fitxaketa politika geldiarazteko, gazte atzerritarrak abusuzko jokabide horietatik babesteko asmoz.

Euskalerria Irratiari klubeko koordinatzaileak, Ekaitz Irujok, aurreko astean adierazi bezala, Lezkairuko taldea ez zen besoak gurutzatuta geratu, bidegabekeriaren aurrean. Urrian, Nafarroako Kirolaren Institutura jo zuen, eta hark azaroaren 22an eman zuen ebazpena. Bertan, lizentzia izapidetzeko eskatu zion Nafarroako Futbol Federazioari, "Adingabeen interes gorenean oinarrituta, diskriminazio oro baztertuz eta gainerako adingabeen aurrean haien berdintasuna bermatuz".

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!