Jagoba Arrasateren Osasunak bere nortasuna berreskuratu du. Zein den bere nortasuna? 92. minutuan gertaturikoak ederki laburbiltzen du: aurkaria gogor presionatuz Osasunak alboko sakea lortu zuen eskuin hegalean, zelai erdiko marraz zertxobait harago. Emaitza aintzat hartuz (0-2), edozeinek denbora galduko zukeen. Horren ordez, baina, hegaleko atzelaria ez izanagatik ere Oier Sanjurjok sakea azkar batean egin zuen, Javi Martinezentzat. Hegalean aurrera eginez kornerra behartzen ahalegindu beharrean, soriarrak lehen ukituan pasea egin zion Kike Garciari, eta hark jaurtiketa gurutzatu batez hirugarren gola sartu zuen.
Horretan datza Jagoba Arrasateren Osasunaren nortasuna: lehen minututik azkenera arte aurkaria presionatzean, baloiaren jabetza lortu bezain pronto joko bertikal eta erasokorra egitean.
Cadizen aurka irabaziz garaipenik gabeko hamar partidako bolada txarra amaitu zuelarik, Osasuna nortasun hori berreskuratzen hasi zen, eta Vallecasen argi geratu zen erabat egin duela. Zortzigarren minutuan, Chimy Avilak erakutsi zuen talde honek baloi bakarra ez duela galdutzat ematen, azken marratik Moncayolari pase bikaina eginez. Garinoaingoak ez zuen hutsik egin, eta lehen gola sareratu zuen. Bigarren golean, area kanpotik jotako ezkerkada zital baten bitartez, Ruben Garciak agerian utzi zuen Osasuna honek ez duela lotsarik, hau da, konplexurik.
Gorritxoak bikain aritu ziren presioan. Ederki bilatu zituzten bigarren jokaldiak. Erraz gainditu zuten denboraldi honetako errebelazioa. Vallecasko taldea Kopako kanporaketa jokatzetik zetorren, eta horrek fisikoki zamatu zuen. Baina horrek ez dio batere meriturik kentzen Osasunak egin zuen partida bikainari. Zeinen ongi Juan Cruz David Garciaren ondoan erdiko defentsa moduan. Bai emankorra Chimy Avila eskuin hegalean. Torroren erakustaldia ezin aipatzeke utzi, defentsaren aurretik. Eta, beste behin ere, ikustekoak Sergio Herreraren bigarren zatiko geldiketak. 332 minutu daramatza golik hartu gabe. Besteak beste horri esker, taldeak jada 32 puntu daramatza, denboraldia amaitzeko 14 jardunaldi falta direlarik, eta orain arte errebelazioa zen Rayori aurrea hartu dio. Salbazioa ziurtatzea da xedea, doike, baina ez ote den heldu bestelakoekin amets egiten hasteko unea.
Hurrengo partida larunbatean jokatuko dute, Sadarren, arratsaldeko laurak eta laurdenetan, Madrilgo Atleticoren aurka.