Nahiz eta Nafarroan datorren asteartetik aurrera ez den derrigorrezkoa izango jende asko biltzen den espazio eta ekitaldietan sartzeko, Europako Batzordeak COVID pasaportearen erabilera 2023ko ekainaren 30era arte luzatzea proposatu du, Europar Batasuneko herrialde kideetatik bidaiatzeko. Honetaz gain, zenbait herrialde eta eskualdetan, Ipar Euskal Herrian esaterako, jatetxe, taberna eta dantzalekuetan sartzeko derrigorrezkoa da oraindik, eta behintzat udaberria arte hala izango da.
Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez. orain arte, 501.359 nafarrek, herritarren % 75,8k Covid Ziurtagiria Digitala deskargatu dute.
Gaur egun, errekuperazio-ziurtagiria PCR bidez bakarrik egiazta daiteke. Nafarroan, COVID-19aren 13.694 sendatze agiri eta proba diagnostikoen 11.365 dokumentu deskargatu dira, txertaketa egiaztatzkeo 476.300 ziurtagiriez gain.
Europar Batasunean aztertzen ari dira antigeno testen emaitzetan oinarritutako sendatze agiria ere baimentzeko aukera.
2021eko azaroaren 21an hasi ziren derrigortzen Nafarroan COVID ziurtagiriaren erabilera, taberna, jatetxe eta bestelako guneetan. Abenduan, besteak beste, zahar egoitzetan sartzeko ere eskatzen zuten. Orain neurriak laxatzearekin batera, ez dute inon eskatuko.