Sindikatuok kritikatu dutenez, "testu horren arabera, euskara ez da meritu gisa hartuko eremu ez-euskaldunean, eta eremu mistoan lanpostu jakin batzuetan baino ez da kontuan hartuko". "Horrela, alemanak edo frantsesak puntuak lortu ahal izango dituen bitartean, euskarak ez du aintzatespenik izango", gaitzetsi dute.
LAB, ELA eta Steilasen ustez, dekretu hori "atzerapausoa da hizkuntza-eskubideen garapenean", eta "euskara, Nafarroako berezko hizkuntza den heinean, erkidego osoan kontuan hartu behar da". "Badakigu dekretu honek, aurrekoek bezala, Euskararen Legeak ezartzen duen zonifikazioan duela oinarria. Zonifikazioarekin amaitu behar da, izan ere, muga artifizialak direnez, diskriminazioak eragiten ditu ", gaineratu dute.
Horren ostean, "Zonifikazioarekin amaitu eta nafar guztien hizkuntza eskubideak errespetatuko dituen" dekretu bat eskatu diote Nafarroako Gobernuari.