Krisia UPN alderdian

UPNk presoen ongietorriak zigortzea hitzartu zuen PSOErekin

Euskalerria Irratia 2022ko ots. 11a, 07:33

Javier Esparza Nafarroako Parlamentuan, artxiboko irudi batean. (Argazkia: Nafarroako Parlamentua)

Maiaren erreprobrazioa, Tuterako AHTaren ibilbidea eta ibaiaren garbiketa ere sartu zituzten akordioan.

Presoei egindako ongietorriak zigortu ahal izateko lege aldaketa berehalakoan egitea adostu zuten UPNk eta Sanchezen gobernuak, alderdi erregionalistako diputatuek lan erreformaren alde bozkatzearen truke. Euskalerria Irratiak aurreratu zuen informazioa. Diario de Navarra egunkariak gaur argitaratu du.

Jakina zenez, UPNko buru Javier Esparzak, PSOEko Antolakuntza idazkari Santos Cerdanek eta Espainiako Presidentetza ministro Felix Bolañosek gidatu zituzten negoziazioak. Akordioa otsailaren biko arratsaldean itxi zuten. Otsailaren hiruan, ezerezean geratu zen, Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero diputatuak lan erreformaren kontra bozkatu eta gero.

Negoziaziootan, UPNren xede nagusia izan ei zen legealdi honetan gauzatzea biktimen legearen erreforma, aurrerantzean presoen ongietorriak zigor zitezen. Horretaz gain, beste zenbait konpromiso lortu zituen alderdi sozialistarengandik: Iruñeko udaleko aurrekontuen 27 milioi euroko zuzenketak, Maia alkatea xenofobiagatik pairatu behar zuen erreprobazioa bertan behera geratzea, Tuteran Abiadura Handiko Trenaren ibilbidea hirigunetik ateratzeko txosten bat egitea eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoak ibaien ibilgua garbitzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!