UPNren diziplina eta berme batzordeak, bi urte eta erdiz, alderdiaren militantzia etetea proposatu du Sergio Sayas eta Carlos García Adanerorentzat. Neurriak, gainera, galarazi egiten die bi diputatuei kargu publikora aurkeztea 2023rako aurreikusita dagoen hauteskunde epean. Honekin batera alderdian barne erantzukizunak izateko debekua ere proposatu du berme batzordeak. Adanerok salatu du, zigorra "geroratutako kanporatzea" dela.
Nolanahi ere, ebazpena ez da Javier Esparzaren exekutibak eskatutakoa bezain gogorra, alderditik behin betiko kanporatzearen alde egin baitzuen zuzenean. Joan den ostiralean, zuzendaritza erregionalistak bere bi diputatuei akta eskatzea erabaki zuen bestela kanporatzea gauzatuko zutelakoan. "Bere jarreraren larritasunak, diziplinarik ezagatik ez ezik, bere azken botoa aurrez pentsatuta ezkutatzeagatik ere, kalte ikaragarria eragin du alderdian bertan eta buruzagiengan", azaldu zuen zuzendaritzak ohar batean, eta "UPNren sinesgarritasuna eta fidagarritasuna kolokan" jarri dela adierazi zuen.
Berme batzordearen ustez, "larria" da Sayas eta Adaneroren jarrera, eta ez "oso larria", zuzendaritzak eskatu bezala. Izan ere, estatutuen arabera, "larritzat" jotzen da "alderdiko organoek onartutako erabakien aurka doan edozein jarduera politiko, eta espresuki, erregelamenduz ezarritako erakundeetan boto ofizialaren betebeharra ez betetzea". Kasu horietarako ezarritako zehapena militantzia urtebetetik hiru urtera bitartekoa da. Diziplina-batzordeak, beraz, gorantz egin du zigorra proposatzerakoan: bi urte eta erdi.
Zigorra jasotzeko zorian daudenek bost eguneko epea dute helegitea aurkezteko. Ondoren, berme eta diziplina batzordeak berak onartuko du behin betiko zigorraren proposamena, eta alderdiko exekutibak berretsi beharko du.