Ez da murrizketarik izanen asteartetik aurrera

Euskalerria Irratia 2022ko ots. 9a, 12:32

Indarrean dauden neurri murriztaileak astelehen gauerdian iraungiko dira, eta gobernuak ez ditu berriak ezarriko. Bihartik aurrera, soilik barrualdeetan izanen da derrigorrezkoa musukoaren erabilera.

“Pandemia ez da amaitu”, zehaztu du Santos Indurain osasun kontseilariak. Egungo egoerara egokitzeko “arintze eszenatoki berri bat” zabaldu dela azaldu du. Astelehenen gauerdian amaituko da egun indarrean dagoen foru agindua, eta Nafarroako Gobernuak ez du luzatuko. Areago, berrik ez du ezarriko. Beraz, musukoa salbu, ez da koronabirusaren aurkako neurririk izanen. 

Covid ziurtagiriak eta ordutegi murrizketak bertan behera utziko dituzte, Nafarroako sektore eta eremu guztietan. Ziurtagiria herrialdeen artean mugitzeko soilik eskatuko da. Ordutegiei dagokienean, sektoreetako ohiko araudiak izanen dira indarrean. Hala, ostalaritzan, esaterako, pandemiaren aurreko ordutegiekin zabaldu ahalko dira jatetxeak, tabernak, kontzertu aretoak eta dantzalekuak. Barran kontsumitzerik izanen da eta ez da mahai bakoitzeko gehiegizko edukierarik izanen, halaber.

Egun ospitaleetan 185 pertsona daude ingresatuta; horietatik, 23 zaintza intentsiboen unitateetan daude. Egoera arintzen ari dela ziurtatu du kontseilariak, eta horregatik hartu dutela erabakia. “Etapa berri baten hasieran gaude, espero dezagun ona izatea”, itxaropentsu azaldu da gaur osasun kontseilaria. Bi urte dira ia Nafarroako lehenengo Covid-19 kasua atzeman zela, 2020an. Egoera asko aldatu da geroztik. Txertaketak testuinguru berri bat sortu dutela uste du Indurainek, eta txertatzera animatu ditu orain arte txertatu ez direnak: "Nafarren %10 dira, eta ospitaleratzeen %50 baino gehiago eragiten dituzte ZIUetan".

Musukoa, barrualdeetan

Espainiako Osasun Ministerioak erkidegoetako Osasun arduradunekin egindako bileran hala erabakita maskararen erabilera ez da derrigorrezkoa izanen bihartik aurrera. Barrualdeetan, bai, derrigorrezkoa izanen da; kanpoaldean, berriz, bi egoeretan soilik: jende asko biltzen duten kontzertuetan eta eserita diren baina distantzia gordetzen ez duten ekitaldietan jarri beharko dira.

Eskoletan ere eragina izanen du neurriak, jolastokietan ez baitute maskararik erabili beharko. Nafarroako Gobernuak, gainera, burbuilak elkartzeko aukera emanen du berriro ere.

Barruko kirol jardueretan gehiegizko edukiera %50tik %75ra zabalduko da barrualdeetan eta 75%tik %85ra kanpoan egiten direnetan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!