Krisia UPN alderdian

Diputatu aktak ez dituztela entregatuko berretsi dute Sayasek eta Adanerok Berme Batzordearen aitzinean

Euskalerria Irratia 2022ko ots. 8a, 07:52

Sergio Sayas UPNren egoitzan, artxiboko irudi batean.

Alderdiko estatutuak ez dituztela urratu argudiatu dute. Sergio Sayas Eduardo Ruiz de Erentxun abokatuarekin joan da; eta Carlos Garcia Adanero, letraturik gabe.

Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero diputatuek UPNko Berme eta Diziplina Batzordearen aitzinean adierazi dutenez, ez dituzte alderdi erregionalistaren estatutuak urratu lan-erreformaren aurkako botoa emanez, nahiz eta alderdiaren erabakia hura babestea izan. Halaber, Berme Batzordeak modu "independentean" jardutea espero dutela esan dute.

Bi diputatuek 18:30ean zuten hitzordua UPNren egoitzan batzordearen aurrean agertzeko. Batzorde hori alderdi erregionalistako bost kidek osatzen dute, eta ostiralean espedientea ireki zien Sergio Sayasi eta Carlos García Adanerori. UPNren Kontseilu Politikoak larunbatean babestu zuen bi diputatuei akta eskatzeko edo, bestela, kanporatzeko prozedura hasteko Exekutibaren akordioa. Ez dutela akta entregatuko berretsi dute bi diputatuek.

Ikusmin mediatiko handiarekin, Sergio Sayas UPNren egoitzara joan da Eduardo Ruiz de Erentxun abokatuarekin batera, eta Carlos García Adanero bakarrik joan da, nahiz eta larunbatean iragarri zuen Jesus Aizpun UPNren sortzailearen bulegoa defendatzeko eskatu zuela.

Sergio Sayas izan da agertzen lehena, eta 45 minutuz egon da alderdiaren egoitzan. Atera denean, diputatuak berretsi du bere ustez ez duela alderdiaren diziplina urratu. "Alderdian jarraitu behar dudala esan diet; izan ere, alderdian sinesten dut, alderdian jarraitu nahi dut, eta uste dut ez dagoela arrazoirik ez kanporatzeko, ez militantzia uzteko, ez inolako zigorrik justifikatzeko, alderdiaren estatutuak ez ditugulako inolaz ere urratu", ziurtatu du.

Justizia arruntera jotzeko aukerari dagokionez, Sayasek nahiago izan du "pausoz pauso” joan, “oraingoz urrats honetan jokatzen ari gara". Adierazi duenez, "jipoitu egin gaituzte alderdiko organoetan, baina Berme Batzordeak independenteki jokatzea espero dut, horrela espero baitut demokratikotzat jotzen dudan eta nire bizitza osoan demokratikoki militatu dudan alderdi batean".

Sayasen ondotik Adanero azaldu da Berme Batzordearen aitzinean. Horren ondotik, hedabideei esan die "estatutuak ez direla urratu”. “Ez gara UPNren printzipio eta balioen aurka joan; alderantziz, guztiz kontrakoa, UPNren printzipioak eta balioak babestu ditugu, beraz, kontzientzia lasai daukat", adierazi du.

Adanerok esan duenez, Berme Batzordea "entzuten zaituen organoa da, ez da 'kanporatuta zaude' esaten dizuten leku batera iristea". "Horiek, gutxienez, esaten diezunaz arduratzen dira, eta gero hartuko dute erabakia", gaineratu du.

Halaber, Adanero oso kritiko agertu da alderdiko arduradun nagusiekin, uste baitu "mundu guztia engainatzen" ari dela UPNren eta Espainiako Gobernuaren artean lan-erreforma baliozkotzeko bozketa adosteko egin ziren negoziazioen inguruan. Diputatuak adierazi du gustatuko litzaiokeela "guztion artean oso ondo jakitea zer gertatu zen; izan ere, orain ikusten ari naiz asteazkenean ezkutatu egin zela alderdi sozialistarekin akordio bat zegoela, ostegunean sentsazioa ematen du prentsan ikusten dugunagatik, eta, beraz, entzuten dugu bazegoela akordio bat alderdi sozialistarekin, eta barkamena ere eskatzen da, teorian, akordio hori ez betetzeagatik, eta gaur adierazpen batzuk entzuten ditut, non badirudi ez dagoela akordio hori". Hala, diputatuak adierazi duenez, "jakin nahiko nukeena da alderdi sozialistarekin akordio bat zegoen ala ez, eta akordio hori bazegoen, zer zioen zehazki, nire ustez mundu guztia engainatzen ari baita".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!