“Puntua beti puntu”. Esaldia (gaztelania kaxkarrean: “Punto ser punto”) osasunazale urtetsu askoren memorian zizelkaturik dago, Ivan Brizc entrenatzaile jugoslaviarraren eskutik. Hark eraman zuen Osasuna UEFAra estreinakoz, 1985ean, berdinketarik berdinketa (beno, eta zenbait garaipeni esker).
Puntua beti puntu, baina zenbaitetan, puntu batek garaipen zaporea eduki dezake. Konparaziora, defentsan lan bikaina eginez partida osoa golik hartu (eta sartu) gabe eman eta gero, 92. minutuan kontrako penaltia adierazten dizutelarik eta zure atezainak penalti hori gelditzen duelarik. Halaxe gertatu zen larunbat gauean Sadarren.
Sergio Herrerak erreflexu eta intuizio handiko atezaina dela erakutsi zuen beste behin ere, Rakiticek ongi jaurtiriko penaltia geldituz. Hori izan zen norgehiagoka osoan egin behar izan zuen geldiketa ia bakarra (En-Nesyrik izterrarekin egindako erremate indarge bat ere gelditu behar izan zuen). Eta horrek ederki islatzen du zer nolako lan ona egin zuten gorritxoek defentsan. Sevilla talde bikaina da erasoan. Denboraldi osoan golik sartu ez duen hirugarren partidua izan zen larunbatekoa. Hortik atera kontuak.
Lehen zatian baloia Sevillarena izan zen, baina gol aukerak Osasunarenak. Talde nafarrak askoz erosoago zirudien andaluziarrak baino. Nabarmentzekoa, lehen zati horren amaieran Moncayolak area ertzetik egindako jaurtiketa zitala, Bounou atezainak ederki desbideratu zuena.
Bigarrenean, kanpoko taldeak gehiago estutu zuen etxekoa. Eta arrisku sentsazio handiagoa eragin zuen Sergio Herreraren area inguruan, baina betiere gol aukera argirik sortu gabe.
Nabarmentzekoa, Jonas Ramalhok eskuin hegalean egindako lana. Nacho Vidal zigorturik zegoen, bost txartel hori ikusirik, eta osasunazaleen artean gutxik zuten konfiantza harengan. Arazorik gabe gainditu zuen ataka estua. Segurtasun handiz.
Azpimarratzekoa, halaber, hasieratik jokatzeko aukera izan zuen Javi Martinezek punta erdian egindako lan txukuna. Azken metroetan kalitatea eskaini zuen, defentsan lan eskerga egiteari muzin egin gabe.
Ezin aipatzeke utzi Sadarrera hurbildu ziren milaka osasunazaleek hasieratik eta amaierarara arte sustengatu zutela taldea, eta krisiak gainditurik dirudiela.
Osasunako jokalariek gaur jai dute. Hurrengo norgehiagoka larunbatean jokatuko dute, arratsaldeko seietan, Rayo Vallecanoren aurka, Vallecasko Fofo Pailazoa karrikako futbol zelaian.