Behintzat bi baja garrantzitsurekin egin beharko dio Osasunaren gizonezkoen taldeak Sevillaren aurkako norgehiagokari. Nacho Vidal eskuineko hegaleko atzelaria eta Darko Brasanac erdilaria zigorturik daude, eta bai bata zein bestea funtsezkoak izan dira orain arte Jagoba Arrasateren hamaikakoan. Haiei gehitu behar zaie Kike Barjak zuntz haustura izan zuela Alavesen aurkako lagunarteko partiduan aurreko astean eta datozen asteetan ere ez du lehiatzerik izango.
Lehenaren hutsa estaltzeko arazoak ditu Berriatuako entrenatzaileak, bi ordezko naturalei begiratuz gero. Jesus Aresok epe luzeko lesioa du eta Jonas Ramalhok ez du teknikariaren eta zaleen erabateko konfiantza eskuratu. Hori dela eta Pau Martinez, bigarren taldeko jokalaria aritu da Jagoba Arrasateren aginduetara entrenatzen aste honetan zehar eta deialdian sartu da.
Harekin batera atzeko lerroa osatzeko bestelako aukerak izan daitezke aipatutako Ramalho, Unai Dufur, Oier Sanjurjo kapitaina eta Jon Moncayola, baina azken bi hauek Brasanac-ek zelai erdian utzitako hutsa betetzeko hautagai dira ere. Arrasatek azpimarratu du argi duela zeintzuek jokatuko duten biharkoan.
Arerioari dagokionez esan Marokoko selekzioarekin ziren En-Nesyri, Munir eta Bono asteazkenean bueltatu zirela taldearen diziplinara, eta Jesus Navas hiru hilabeteko lesioaren ostean ere itzuli dela berdegunean entrenatzera. Haiekin batera dagoeneko Julen Lopetegiren aginduetara atzo hasi ziren entrenatzen Argentinako selekzioarekin azken partidua osorik jokatu zuten Montiel, Acuña, Ocampos eta Papu Gomez. Tacatito Corona mexikarra eta Diego Carlos brasildarra ordea ez dira oraindik taldearekin entrenatu.
Sevilla taulako goiko postuetan dago, nahiz eta Real Madridek puntu abantaila handia izan, txapelketa buru izateko lehiatzen ari dira andaluziarrak.
Partidua bihar jarraitu ahal izango da sintonia honetan, FM98.3an eta euskalerriairratia.eus atarian, 20.45etik aurrera. Epailea Valentin Pizarro Gomez madrildarra izango da.