Atzoko lurrikarak gertakari historiko bat ekar dezake, hain zuzen ere 1979tik lehen aldiz eserlekurik gabe gelditu baitaiteke UPN Madrilgo Diputatuen Kongresuan. Hainbat eskenatoki ireki dira orain Vianako Printzearen plazan egoitza duen alderdian.
Sergio Sayasek ukatu egin zuen SER irratian eginiko elkarrizketan PP eta VOXekin bildu zirenik bozketaren aurretik baina alderdiak diputatu aktak eskatu dizkie hari eta Carlos Garcia Adanerori.
Alderdiak eskatu bezala dimisioa aurkeztuko balute, PP eta Ciudadanoseko Cristina Sanz eta Sonia Perez iritsiko lirateke Madrilera. Hala ere, momentuz ez dirudi hori gertatuko denik.
Beste aukera bat dago ere, atzo alderdiak agindutakoaren aurka bozkatu zutenek UPNren disziplinatik gelditzea, hau da, euren kabuz jardutea.
Esan bezala UPNk beti izan du diputaturen bat Diputatuen Kongresuan. 2008an UPN-PP koalizioa apurtzerakoan Carlos Salvador gelditu zen erregionalisten bozeramaile gisa. Orduan haustura gertatu zen Miguel Sanzek, 2007an Nafarroan gobernu aldaketa bertan behera gelditu ostean, Zapateroren aurrekontuak ahalbidetzeko abstentzioa planteatu zuenean. Orduan gertatu zen eskuin forala eta estatukoaren arteko haustura.
Sayasek eta Adanerok argudiatu dute alderdiaren kontseilu politikoan ez dela bozketarik izan eta ez zaiela inongo azalpenik eman ere, eta beraz ez dutela boto diziplinarik urratu. Modu honetan, UPNn jarraitzeko asmoa dutela ere berretsi dute eta eztabaida “alderdiaren organoetan” eman behar dela adierazi.
Alderditik bestalde berretsi dute alderdiaren organoen kontra hartu dutela erabakia eta “iruzurra” leporatu diete bi diputatuei. Pausu bat harago joan da UPN aipatuta bai Sayasek eta bai Adanerok beste alderdi politiko batzuei haien bozkaren norabide aldaketaren berri eman zietela. Hori bai ez dute siglarik aipatu komunikatuan. Gainera atzo gertatutakoak UPN ordezkatzen ez duela esan dute alderditik.