ANAIMek, Nafarroako Musika Industriaren Elkarteak, Nafarroako Gobernuari eskatu dio "premiaz" neurri murriztaileak bertan behera uzteko eta sektorearentzat "laguntza zuzenak" eman ditzan.
Igorritako oharrean "kezkatuta" azaldu da musika industria, ikusita "beste Autonomia Erkidego batzuk izaten ari diren jarduteko moduak" eta "Nafarroa kulturaren sektorea Administrazioak gehien kaltetzen eta zigortzen duen erkidegoetako bat den".
Kritikatu dute Nafarroako agintariek "egungo murrizketen beste luzapen baterako borondatea" adieraztea eta adierazi eskatutako pausoak "ezinbestekoak direla kultura-sektorearen eta zuzeneko musikaren biziraupenerako". Ez hori bakarrik, argudiatu dute bi urte daramatzatela ezohiko jardunean eta datu epidemiologikoek zein txerto prozesuaren ehuneko handiak neurriak ezabatzeko "eskatzen" dutela eta "neurri koherenteak" direla.
Gaineratu dute musikaren sektorearen gehiengoak "jarrera sentikorra eta errespetuzkoa" erakutsi duela "gizarte osoan irekitako krisi-egoerarekiko" eta agintari eta erakundeekin elkarlanean aritzeko "prestutasuna". Zentzu horretan ez dute antzeko jarrerarik sumatu agintarien partetik.
Gauzak horrela otsailaren 14tik aurrera neurri murriztaileak "ez lutzatzeko" eskatu dute, "kultur sektoreari jarduera normalizatu bati berriro ekiteko".