Krisia UPN alderdian

Bel Pozueta (EH Bildu): “PSOEk erabaki du norekin egin nahi dituen politikak”

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko ots. 3a, 10:01

Pedro Sanchezen inbestidura ahalbidetu zuen indar metaketa pitzatu du lan erreformaren eztabaidak. UPNren eta Ciudadanos-en babesarekin onartuko du Espainiako Gobernuak dekretua. Indar metaketa horren aurrean, “gehiengo ezkertiarra” aldarrikatu du EH Bilduko Bel Pozueta diputatuak.

Espainiako Gobernuak baldintzak aldatzen ez baditu, ezezko botoa emanen dio EH Bilduk dekretuari Espainiako Kongresuan. Hala berretsi du gaur Metropoli Foraleko albistegian Bel Pozueta diputatuak. “Hala ere, mantentzen dugu azken unera arte hitz egiteko aukera”, zehaztu du. Sozialistekin orain arte, baina, ez dute negoziaziorik izan: “Testu itxi bat aurkeztu digute”.

Osotasunean lan erreforma indargabetzeko konpromisoa hartu zuen PSOEk alderdi independentistarekin, baina azkenean erdi bideko proposamena onartu du UGT eta CCOO sindikatuekin eta patronalarekin. Onartzeko, gainera, eskuinaldean aurkitu du babesa. Indar metaketa horren aurrean, gehiengo ezkertiar bat dagoela nabarmendu du diputatuak.

Lege dekretua eskuinarekin onartzen badu PSOEk, “orain arte osatuta zegoen blokea berreraikitzen” jarriko ditu indarrak EH Bilduk. “Geratzen den legealdia mantentzeko eta eskuinari aurre egiteko aukera bakarra da, gure indarrak hor egongo dira”, esan du Pozuetak.

Euskal sindikatuek diotenarekin bat eginez, EH Bilduk uste du patronalaren eskakizunen aurrean men egin dutela sozialistek: “Eskubiko alternatiba bat da, nork babestuko duen baino ez da ikusi behar”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!