2024 urtea arte arituko da Juan Cruz Osasunan

Euskalerria Irratia 2022ko ots. 1a, 13:47
Juan Cruz eta Braulio, gaur eginiko prentsaurrekoan. Iturria: C.A. Osasuna

Atzo itxi zen merkatua gizonezkoen futbol profesionalean eta gorriotxoek ez dute azken orduko bajarik izan. 

Osasunaren gizonezkoen taldeak, neguko fitxaketen leihoaren azken egunean, Juan Cruz atzelariaren kontratu berritzea iragarri zuen. Modu honetan aurreikusita zegoenarekiko urtebete luzatu du kontratua madrildarrak. 

Aurreko denboraldian iritsi zen Iruñera jokalaria ezker hegaleko atzelari gisa aritzeko baina esperotako maila erakustetik urrun, Manu Sanchez gazteak aurrea hartu zion. Denboraldi honen hastapenetan klubetik ateratzeko zorian izan zen, bere posizioan Sanchez bera eta Cote aurretik zituelako baina hainbat partidutan erdiko atzelari gisa aritu ostean eta, batez ere, azkeneko partiduetan erakutsitako maila dela eta kontratua berritzeko eskaintza egin zioten Sadarreko bulegoetatik.

Berdegunean erakutsitako mailaz harago, "taldea eta klubarekiko erakutsitako konpromisoa eta inplikazioa" gako izan direla azpimarratu du Osasunak eta gaurko prentsaurrekoaren atarian, hori "nabarmentzeko asmoa zuten irudiak" proiektatu dituzte Taxoareko prentsa aretoan.

"Momentu gogorrenetan, hau sentitzen nuen"

Juan Cruz Álvaro Armadak 29 urte ditu eta 15.000.000 euroko etete klausula izango du. Gaurko prentsaurrekoan Osasunaren gizonezkoen taldeko kide izateaz "harro" azaldu da, eta jokatzen ez zuenean ere gorritxoen parte sentitu dela azpimarratu. Adierazi du hala ere "une zailak" izan dituela aurreko hilabeteetan baina bere buruarekiko konfiantzak eta ingurukoek emandako babesak "borrokan jarraitzera" bultzatu zutela. Argi eta garbi esan du: "entrenatzaileak beste jokalari batzuk hautatzen bazituen ni baino hobe zeudelako edo entrenatzen zutelako izango zen, eta hori aldatu beharra nuen". 

Honekin batera zehaztu du "taldea familia bat dela". 

Itxi berri den merkatuari dagokionez, Braulio Vazquezek, Kirol Zuzendariak, azaldu du "denboraldi hasieran plantilla luzea" osatu zutela "Covid egoera eta protokoloak desberdinak zirelako", eta plangintza horrek baimendu duela orain "fitxaketarik egin behar ez izatea" nahiz eta aitortu duen "talde guztiak hobetu daitezkeela". Hala ere azpimarratu nahi izan du "klubean duguna baloratu" behar dela, "beste taldeek guk ekonomikoki eskuratu ezin ditzakegun fitxatu dituzten bitartean". Gaineratu du "bi urte daramatzagula 10. eta 11. postuetan salbazioa eskuratuta", eta horrek ematen diola balioa taldeari. 

 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!