Orain arte esandakotik ez dira mugitu Geroa Bai eta EH Bildu. Nafarroako Gobernuak Espainiakoarekin adostutako Hitzarmen Ekonomikoaren 67. artikulua aldatu ezean, ez diote babesik emanen parlamentuan. Artikulu horrek autogobernua kolokan uzten duela uste dute, Koordinazio Batzordearen esku uzten duelako egozpen-indizea zehaztea.
Sozialistek dute giltza bi alderdien ustez. Hala ere, Ogasun departamentuarekin izandako bileraren ostean, sozialisten artean jarrera desberdinak daudela uste du Geroa Baik, parlamentuko taldeko kideekin eta kontseilariarekin hitz egindakoa ez da berdina izan-eta. “Txibitek erabaki beharko du non bilatu nahi duen babesa, gobernu kideekin edo UPNrekin”, argitu du Uxue Barkosek. Akordiorako tartea dagoela uste du Geroa Baik, hala ere.
Ostegun gauean izan zuten bilera ordezkariek ogasun departamentuarekin. Ostiralean elkartu ziren, berriz, EH Bildukoekin. Testuaz duten iritziaren berri eman zioten kontseilariari, baina oraindik ez dute erantzunik jaso. Alderdiak uste du gobernuak Navarra Sumarekin hitz egin arte ez dutela egingo.
PSNk esan du guztiekin bildu ondoren hartuko duela gobernuak erabaki bat. Asteazkenean bilduko dira Navarra Sumakoekin.