Iruñerriko musika eszena, Euskalerria Irratiarekin

Euskalerria Irratia 2022ko urt. 28a, 12:30

Gure irratiarentzako indikatiboak grabatu dituzte Kiliki Frexkok, Ibil Bedik, Broken Brothers Brass Bandek eta Iruñerrian Jamaika Clashek.

Euskalerria Irratiak hamarkadak daramatza Iruñerriko eta Nafarroa osoko sortzaileentzako aterpe, topaleku, haztegi izaten. Urteak daramatza sortzaileoi haien lehen lanak plazaratzeko, beste kulturgile batzuk ezagutzeko, haien sormena zabaltzeko aukera eskaintzen. Berriki horrek saritxoa ekarri dio: gurekin kolaboratzen duten musikariek irratian erabiltzeko beherago entzun ditzakezuen indikatibo bikainak sortu baitituzte.

Indikatiboak grabatu dituzten taldeek aspaldidanik dute harremana Euskalerria Irratiarekin. Konparaziora, loraldiaren lorazaintzat jo dezakegun Ion Celestinok urteak daramatza musikari belaunaldi ezberdinen arteko zubi lana egiten; musikari gazteei laguntza, gomendioak zein erreferentziak eskaintzen; haien arteko sareak ehuntzen. Ion duela hamar urte baino gehiago hasi zen Euskalerria Irratian kolaboratzen, Hau ez da euskal musika saio mitikoarekin.

Beste adibide bat: Beñat Rodrigo Kiliki Frexkok Chill Mafiak Gazte arruntaren koplak kantua plazaratu baino urte bete lehenago hasi zuen kolaborazioa gurean. Lehen saioetako batean ekarri zuen Ben Yart irratira, denbora pasa ahala youtuben milaka eta milaka entzunaldi pilatu dituen kantua abes zezan.

Ibil Bedi taldeko Ibai Osinagak hiru urte daramatza Euskalerria Irratian kolaboratzen, zenbaitetan Amets Aranguren taldekidearekin batera. Iruñerria Jamaika Clasheko Eñaut Egiluzek (aka DJ Palmondo) bi urte, gure uhinak ska eta reggae doinuen erritmoan dantzan jartzen.

Esan gabe doa egun musikari gehiagok kolaboratzen dutela gure programazioan: Nerea Erbiti jazz abeslaria, Tatxers taldeko abeslari Jon Salinas, The Icer Companyko Iker Zia, Marino Goñi Gor diskoetxeko buru ohia, Igor Ijurra Iruñeko Orfeoiko zuzendaria, Urtzi Iraizotz txistularia, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko flauta jotzaile Ander Erburu eta Ismael Yague.

Iruñerriko eszenako musikarien eta Euskalerria Irratiaren arteko elkarlana ez da berria. Bi adibide: Berri Txarrak taldea sortu berritan, Gorka Urbizuk musika saioa egin izan zuen gurean. Eta Balerdi-Balerdi taldeko Toño Murok eta Zarak Zirt eta Zart saio gogoangarria urtetan egin zuten.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!