'Intxaurra' antzezlana garatuko du Lesakako Mairu antzerki taldeak ‘Arnasguneak’ bekari esker. Intxaurrondo gaixoaren iruditik abiatuta, lanak enborra biziberritzeko beharra islatuko du, gainerako adarrak ere osasuntsu mantendu ahal izateko.
Nafarroako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen eskutik jaso dute beka. Udalerri euskaldunek euskarari egiten dioten ekarpena azpimarratu eta herritarrak kontzientziatu nahi dituzte erakundeek bekaren bitartez.
Mairu taldeak 23.000 euro jasoko ditu obra sortu eta ekoizteko. Manex Fusch izango da obraren zuzendaria eta azaroan Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan estreinatuko dute lana.