Indarrean dauden koronabirusaren aurkako neurriak hilaren 31n iraungiko dira. Nafarroako Gobernuak gaur goizeko bilkuran erabakiko du horiek luzatu ala ez. Itxura guztien arabera, erabakia horiek luzatzea izanen da, erietxeetako egoera ikusirik.
Izan ere, uneotan 281 lagun daude ospitaleraturik covid 19a dela kausa, eta hori seigarren olatuko kopururik altuena da. Horietatik 32 Zainketa Intentsiboetako Unitateetan daude. Hor jaitsiera txiki bat izan da.
Ezin atzendu, halaber, atzo bertan lau lagun zendu zirela covid emeretziarekin Nafarroa Garaian, eta azken asteotako batez bestekoa 27koa izaten ari dela. Esan gabe doa kutsatze datuak hobeak direla, hiru astez jarraian jaitsi baitira.
Egun indarrean dauden neurri murriztaileak bi dira: ostalaritza itxita egon behar da goizaldeko ordu batetik seietara, eta tabernetan ezin da barran kontsumitu.