Muskildako Patronatuak eta Otsagabiako Udalak Auzitegi Gorenera joko dute Nafarroako Auzitegiak Muskildako baselizaren jabetza Iruñeko Artzapezpikutzarentzat zehazten duen epaiaren aurka.
Ohar baten bidez jakinarazi dutenez, epaia "gaur egun zentzurik ez duen Erdi Aroko araudi batean oinarritu da; izan ere, herriari ondarea mantentzeko betebeharrak esleitzen dizkio, baina ez du esan nahi bere jabetza duenik".
Santutegiaren jabetza "berreskuratzen saiatzeko" errekurtsoaren erabakia Otsagabian egindako herri-batzar baten "babesa" du. Bertan, agerian geratu zen "toki entitateek beren ondasunak defendatzeko legezko betebeharra dutela, eta bidegabekeria sentimendua, epaia argitaratu zenetik, orokorra dela herritarrengan".