Osasuna

Horrela bai

Juan Kruz Lakasta 2022ko urt. 24a, 07:37

Osasunako jokalariak atzo, Los Carmenes futbol zelaian, bigarren gola, Kike Garciaren gola ospatzen. (Argazkia: Osasuna).
  • Osasunak Sadarretik at bizi zuen lehorte luzea amaitu du, partida biribil baten bitartez.
  • David Garciaren eta Kike Garciaren golek garaipena eman diete gorritxoei Los Carmenes futbol zelaian.

Vigon bezala Granadan, Osasuna lehen minututik ahalegindu zen garaipena erdiesten, presioa oso goian eginez, baloiak berreskuratuz, kontraeraso bertikal eta arriskutsuak sortuz. Vigon ez bezala Granadan, gorritxoek kontzentrazioari eutsi zioten lehen minututik azkenera bi areetan: ez zuten golik hartu, bi gol sartu zituzten.

Jagoba Arrasatek Vigoko eskemari, 4-1-4-1ekoari eutsi zion, baina bi izen aldaketa garrantzitsurekin. Atzean, covid 19a gibelean utzirik, Unai Garcia itzuli zen defentsari sendotasuna eman eta lehen gola sartzeko. Aurrean, Chimy Avilak eskuin hegalean jokatu zuen, Kike Barjaren lekuan, eta argentinarrak erasoko jokoa asko bizkortu zuen, barnekaldi, pase, erremate arriskutsu gehiagorekin. Hori gutxi balitz, Juan Cruzek defentsan alimaleko partida egin zuen, eta Moncayolak eta Ruben Garciak aspaldiko minuturik onenak eskaini zituzten.

Lehen ordu erdi distiratsuan Osasunak, Ante Budimirren bitartez, gola egin zuen, baina VARek baliogabetu zion, oso zalantzazko jokoz kanpoko bat adieraziz. Gero, Granadaren entrenatzaile Robert Morenok ongi berrantolatu zuen bere taldearen zelai erdia, eta gauzak parekatu egin ziren.

Bi aurkariak golik gabeko berdinketarekin iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatia ere hala hasi zen, parekaturik, baina 64. minutuan, korner batean, Ruben Garciaren pase ederra baliatuz, Unai Garciak, salto eder baten bitartez, erremate bikaina egin eta taldeak etxetik at bizi zuen gol lehortea amaitu zuen: 600dik gora minutu aurkarien atea zulatu gabe.

Gola sartuta ere Osasuna ausarki aritu zen erasoan, eta ongi aprobetxatu zuen berdinketaren bila erasoari ekin behar izan zion Granadak atzean utziriko espazioak. Hala, hainbat gol aukera argi sortu zituen, eta azkenean, eskuin hegaletik egindako jokaldi eder batean, Nacho Vidalen pasea sareetara bidali zuen Kike Garciak, ahoko zuloan.

Garaipen horren ondotik, gorritxoak 11.ak dira sialkapenean, 28 punturekin. Jaitsiera hamar puntura daukate. Europa,  seira. Gaur goizeko hamaiketan entrenamendua izanen dute, eta bihar, jai. Horren ondotik, tarte luzea izanen dute hurrengo partida prestatzeko; izan ere, etenaldia dator selekzioen norgehiagokak direla kausa. Otsailaren bostean jokatuko dute, Sadarren, bigarren sailkatua den Sevillaren aurka.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!