Osasuna

Buruhausteen itzulera

Euskalerria Irratia 2022ko urt. 20a, 07:37
Atzoko partidaren amaiera. (Argazkia: Osasuna)

Lehen ordu erdi on bat egin eta gero, Osasunak bi akats handi egin zituen defentsan, larrutik ordaindu zituen, eta horren ondotik ez zen gauza izan markagailuari buelta emateko.  Atzealdeko bajak nabaritu ziren.

Balaidosen lehen ordu erdi txukuna egin zuen Jagoba Arrasateren taldeak. Berriatukoak 4-1-4-1 eskema berreskuratu zuen, zelai erdia indartuz, aurrelari bakarrarekin, Ante Budimirrekin, jokatuz. Gorritxoek presioa txukun egin zuten, eta Celtari ez zioten utzi jabetza luzerik edukitzen. Eta kontraeraso arriskutsuak egin zituzten. Horietako batean, 9. minutuan, baloia langara bidali zuen Ante Budimirrek, Kike Barjaren erdiraketa eder bat errematatuz.

Haatik, 29. minutuan Hugo Mallo Celtaren eskuin hegaleko defentsa inork espero ez zuen lekuan agertu zen, Osasunaren area ertzean, erdi-erdian, han taldekide batekin bat bikoa egin eta atera jaurtitzeko. Defentsak ez ziren fin ibili: inor ez zitzaion hurbildu errematea oztopatzera. Sergio Herrerak gehiago egin zezakeen, ez baitzen jaurtiketa zitala izan. Edonola ere, baloia sareetara joan zen.

Bederatzi minutu geroago. Celtak ezker hegaletik jokaldi ederra ehundu zuen, orpoz egindako pase bat eta guzti. Eta Santi Minak ahoko zuloak errematea egin zuen, vigotarren bigarren gola erdiesteko. Gorritxoei kemena falta izan zitzaion jokaldi horretan. Celta bezalako talde bati ezin zaio utzi baloia behin eta berriz ukitzen. Atzo lehen taldearekin estreinaldia zuen Unai Dufurrek agian azken pasea mozteko zerbait gehiago egin zezakeen. Edonola ere, baloia sareetara joan zen, bigarrenez.

Bigarren zatian Osasunak ahal zuen guztia egin zuen partida iraultzeko. Lehen minututik presioa oso goian egin zuen. Arrasatek Chimy Avila eta Kike Garcia zelairatu zituen. Iker Benitok lehen minutuak jokatu ziten lehen taldearekin. Baina hori guztiori ez zen aski izan. Celta oso eroso egon zen. Gorritxoek bigarren zati osoan apenas eragin zuten arriskurik. Hori horrela, zalantza piztu da Osasunazaleen artean: Cadizen aurkako garaipena berpizkundea izan zen, ala etenalditxoa besterik ez gurutze bide luzean?

Uneotan Osasuna 13.a da sailkapenean, 25 punturekin, eta jaitsiera zortzira dauka. Jokalariek gaur entrenamendua izanen dute, 11etan, Taxoaren. Igandean Granadaren kontra jokatuko dute, eguerdiko ordu bietan, Los Carmenes futbol zelaian.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!