Suhiltzaileen ofizialorde izateko deialdia gelditzeko eskatu dute ELA, UGT eta CCOO sindikatuek

Euskalerria Irratia 2022ko urt. 18a, 07:36

"Antzinakotasuna baloratuz lanpostu tekniko baterako beharrezkoa den prestakuntza teknikoa” ordeztu nahi dela salatu dute.

Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko eta Babes Zibileko ordezkaritza sindikalaren gehiengoa, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek ordezkatuta, suhiltzaileen ofizialorde izateko deialdiaren aurka agertu da, eta hura geldiarazteko eskatu du, "haren xede bakarra suhiltzaile talde jakin bati ezkutuko soldata igoera bat egitea delako".

Sindikatuok astelehen honetan agiri bateratu batean adierazi dutenez, "Funtzio Publikoak soldaten igoera baztertu duela, eta horren ondotik zeharbide hau da topatu duten bide bakarra".

"Aurreko legegintzaldietan, plaza horiek iraungitzera behartuta zeuden, izaera teknikoa duten lanpostuak direlako”, azaldu dute. “Zerbitzu zuzendarien  ustez, plaza horiek ingeniaritzan, arkitekturan eta molde horretako beste jakintzatan formakuntza zuten pertsonek bete behar zituztela lanpostu tekniko horiek”. Hori horrela, deialdi honek egoera zentzugabe batera garamatza; “Izan ere, Suhiltzaileen Zerbitzuko antzinakotasuna baloratuz postu tekniko baterako beharrezkoa den formazioa ordeztu nahi dute”.

Hori dela eta, "egoera honekin, larrialdi baten arduradun nagusiak estatutuak eskatzen duen titulaziorik gabeko pertsonak izan daitezke, endogamian eta lagunkerian oinarritutako sistema baten bidez aukeratutakoak".

"Nafarroako administrazioko gainerako departamentuetan (Osasuna, Hezkuntza, Foruzaingoa) legea betetzen da, eta Suhiltzaileetan iraganean ainguratuta jarraitzen dugu", azpimarratu dute, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren epaiak daudela gogorarazi ostean, "Antzinatasunak ezin duela inoiz eskatutako titulazioa ordezkatu bermatzen dutenak".

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!