Isabel Diaz Ayuso Madrilgo erkidegoko presidentearen ustez, Espainiako Gobernuaren Europako Funtsen banaketa ez da orekatua izan, eta dagokiena baino diru gehiago eman die hainbat erkidegori. Besteak beste, Nafarroari. Madrilgo erkidegoko komunitateak Gorenera jo du, eta Navarra Sumak ez beste, parlamentuko talde guztiek gogora ekarri dute horrek Nafarroako Pirinioetara bideratuko liratekeen hiru milioi euroak zalantzan jarri ditzazkeela.
EH Bilduko Bakartxo Ruizek parlamentuan adierazi duenez, Espainiako aurrekontuetan txertatu nahi izan zuten diru partida baten ondorio da, azkenean, Europako funtsetatik Pirinioetara bideratuko dena. Alderdi Popularra etengabeko hauteskunde kanpainan murgilduta dagoela iritzi dio Ruizek, eta Nafarroako gehiengo politikoak erabiltzen ari direla deitoratu du.
Navarra Sumak aurkeztu duten adierazpen instituzionalaren aurka bozkatu izana kritikatu dute talde guztiek. Haserre agertu da, esaterako, Geroa Baiko Uxue Barkos eleduna: “Egoera larrian jartzen du plana”.
Eskuineko hirukoaren jarreraren aurrean zalantzati agertu dira sozialistak: "Zergatik ez ditu babestu UPNk, Navarra Sumak, Nafarroako eskubideak?", esan du PSNko Inma Juriok. Europako funtsak boikoteatzeari uzteko eskatu dio PPri.
Ahal Duguko Mikel Builen ustez, UPNk argi utzi du bat egiten duela PPren Nafarroaren aurkako politikekin.Politika judizializatzen ari direla salatu du, berriz, Ezkerrako Marisa De Simonek. Jardun politikoa “lohitzen” ari direla uste du.
Europako Funtsen banaketaren inguruko azalpenak eskatzen ari direla defendatu Navarra Sumako Jose Suarez parlamentariak. "Gobernuaren erantzuna neurrigabekoa da, eta horrek zalantzak sortzen dizkigu egin dutenaren inguruan", azaldu du. "Honen atzean ez dago erkidegoen aurkako erasorik".
Txibite ere, helegitearen aurka
Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak banaketa “gardena” dela adierazi du asteburuan Ser irrati katean egindako elkarrizketa batean. Pablo Casadoren alderdiak Nafarroa erabiltzen jarraitzeko prest dagoela erakutsi duela uste du presidenteak.