David Garciak eta Unai Garciak positibo eman zuten atzo, Taxoareko entrenamenduaren aurretik egindako antigeno proban. Hartara, ezinen dute asteazkenean Osasunak Celtaren kontra jokatuko duen partidan parte hartu. Zulo handia sortuko diote Jagoba Arrasateri atzealdean; izan ere, bi garziatarrok erdiko atzelariak dira, eta taldeko hirugarrena, Aridane, aurretik baja zen, gihar arazoengatik.
Juan Cruz berez hegaleko jokalaria da, baina azkenaldian erdiko defentsa moduan ere jokatzen ari da. Konparaziora, Ligako azken norgehiagokan, Cadizen aurkakoan, postu horretan jokatu zuen. Beraz, pentsatzekoa da asteazkenean hasierako hamaikakoan izanen dela. Zalantza, ea nor ariko den bere ondoan.
Osasuna Promesaseko erdiko atzelari Unai DUfur lehen taldearen entrenatzen ari da azken asteotan, eta aukera bat izan daiteke. Beste bat, Oier Sanjurjo kapitaina. Estellerrikoa azken denboraldiotan euskarrian jokatu du, baina aurretik erdiko atzelari bezala ibilia da. Esate baterako, Celtan utzita jokatu zuen denboraldian, Lehen Mailara igotzea lortu zuten hartan, postu horretan aritu zen.