“Egitate bat da menek [bakarrik dauden migrante adingabeek] egindako mota honetako delituak izaten ari direla”, esan zuen atzo Maiak. “Zintzoak izan behar dugu eta gauzak diren bezala esan behar ditugu, ezin dituzu gauzak esan gabe utzi estigmatizatzen ari zarela eman dezakeelako”, gaineratu zuen.
Nafarroako Gobernuko Gizarte Aferetako kontseilari Mari Carmen Maeztuk irmoki erantzun zion: “Maia ez da egia esaten ari; izan ere, gobernuaren ardurapean dauden haurren aurkako batere salaketarik ez dago”.
Iruñean Udaltzaingoaz gain dauden beste bi polizien (Espainiako Polizia Nazionala eta Guarda Zibila) arduradunaren, hau da, Espainiako Gobernuaren Nafarroarako ordezkari Jose Luis Arastiren arabera, “ez dago molde honetako erasoak oro har daukagun delinkuentzia baino gehiago direla erakusten duen estatistikarik”. Arastik, halaber, eskaera zehatz bat egin zuen: “Ez ditzagun estigmatizatu bakarrik dauden adingabeak”. Nolanahi ere, Arastik irrist egin zuen bere adierazpenetan, eta arrazakeriaren mugatik gertu egon daitezkeen adierazpenak ere egin zituen: "Gazte hauen artean ez daude soilik magrebiarrak. Halaber badira latinoak eta ekialdekoak. Ezin esan daiteke jatorri bakarrekoak direnik".
Alor politikoan, Geroa Baik alkatearen “jarrera xenofoboa” salatu du, eta “bakarrik dauden adingabeak kriminalizatzea giza eskubideen ikuspegitik guztiz onartezina” dela gaineratu. Ahal Duguk, Ezker Batuak eta Batzarrek auzi honen inguruko agiri bateratua karrikaratu dute. “Alkateari eskatzen diogu eskuin muturraren diskurtso xenofoboa bazterrean utz dezala”, idatzi dute. Halaber, “sumindurik” azaldu dira Maiak akusaziook egin dituelako “Nafarroako Gobernuaren ardurapean dauden adingabeen aurkako inolako datu zehatzik eskaini gabe”.