Atzo 18:19an SOS Nafarroako 112 telefonoan jasotako dei baten arabera, Kalbarioko Erreka buxatzeak ur-korrontea plaza zaharrera desbideratzea eragin zuen. Uraren indarrak etxebizitza multzo bat dagoen lurra arrastaka eraman du, eta zimenduetara iritsi da. Hori dela eta, une horretan eraikinean zeuden pertsonak prebentzioz hustu behar izan dituzte. Errekak ohi baino emari handiagoa du, azken orduetan izandako euriteen ondorioz, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez.
Oronozko parkeko suhiltzaileek eta Berako suhiltzaile boluntarioek, foruzainekin batera, maizterren hustea zuzendu dute, eta Babes Zibileko Zerbitzua senideen edo lagunen etxeetan ostatua bilatzen ari da. Doneztebeko aterpetxea ere prestatu dute, behar dutenak hartzeko. Herrizaingo Saileko zuzendari nagusi Amparo López Antelok Babes Zibileko egoitzatik jarraitzen du, zerbitzuaren arduradun José Javier Boulandierrekin, gertaeren nondik norakoak azaltzeko.
Arkitekto batek eraikinen egoera ikuskatuko du, erortzeko arriskua dagoen zehazteko eta neurri egokiak hartzeko. Bertan dago Aitor Elexpuru Berako alkatea, herriko Udaleko beste kide batzuekin batera.