Hilik aurkitu dute emakume bat Tuteran eta bikotearen bila ari dira

Euskalerria Irratia 2022ko urt. 10a, 19:12

Foruzaingoa aztertzen ari denaren arabera, litekeena da senarrak hilketarekin zerikusia izatea. 

Foruzaingoa emakume baten heriotza ikertzen ari da Tuteran. Gorpua bere etxean aurkitu dute, asteleheneko 10:30ak aldera, polizia-iturriek Efe albiste-agentziari jakinarazi diotenez.

Hori dela eta gertakaria ustezko indarkeria matxistako krimen gisa ikertzen ari dira. Biktima 38 urteko eta Cortesen jaiotako emakume bat izan da. 

Tuterako Instrukzioko 1 zenbakiko Epaitegiak zuzentzen du Foruzaingoaren Polizia Judizialeko agenteek egiten duten ikerketa. Egiten ari diren ikerketa nagusien artean dago senarra bilatzea, hilketarekin zerikusia duelakoan, izan ere ez baitakite non dagoen.

Sare sozialetan dagoeneko gertakaria gogor salatu dute hainbat eragile eta herritarrek. Tartean gogor jo du gertakariaren aurka EH Bilduko parlamentari den Patricia Peralesek: «Beste emakume bat eraila izan da! Amorrua eta asperraldia. Nire babes osoa familiari eta ingurukoei».

Erailketa matxista izan dela baieztatzekotan urteko lehena litzateke Nafarroan. 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!