'Helmuga jasangarri gisa' aurkeztuko du bere burua Nafarroak FITUR-en, Estatu mailako turismo azokan. Hala iragarri dute gaurkoan Mikel Irujok, Enpresa eta Ekonomia Garapenerako kontseilariak, eta Maitena Ezkutarik, Nafarroako Turismo, Merkataritza eta Kontsumorako zuzendari orokorrak.
Madrilen urtarrilaren 19tik 23ra bitarte egingo den topaketara, "turismo arduratsu eta kontzientea" egiten duten herritarren bila joango dira beraz Nafarroako ordezkariak, "tokiko biztanleriaren garapenean eta gure herri eta hirietako naturguneen eta bizimoduen kontserbazioan" lagunduko dutelakoan.
Irujo kontseilariak gogorarazi du "Nafarroa oso ondo kokatuta dagoela bere ezaugarriengatik, baina baita jasangarritasunaren arloan lanean ari delako ere". Gobernuko kidearen ustez "lan honek abantaila lehiakorra ematen dio gure helmugari, bisitariek bilatzen dituzten balioetako asko transmititzen baititu" Foru Erkidegoak.
2021eko datuak
Gaure eginiko aurkezpenean, Mikel Irujo kontseilariak turismoaren sektorearen 2021eko behin-behienko datuak eman ditu, eta "susperraldi mailakatua" izan dela adierazi du. "Pandemiaren aurretik erabiltzen zirenen antzeko datuetan ez gauden arren, hobekuntza nabarmena dago", adierazi du Irujok.
Nafarroako ostatu turistiko arautuek 1.084.594 laguni egin zieten harrera azarora arte. Kopuru horrek % 80an gainditzen ditu 2020ko datuak, baina oraindik ere % 22ko alde negatiboa du 2019koarekin alderatuta.
Bestalde, azken sei hilabeteetan 883.362 bidaiari izan ziren bertan eta 2.101.247 gaualdi eman zituzten, 2019ko datueatik gertu.