Hitzarmen ekonomikoaren inguruan akordioa lortzea espero du Geroa Baik

Euskalerria Irratia 2022ko urt. 10a, 11:14

Nafarroako Gobernuak atzera bota zuen Hitzarmen ekonomikoaren erreformarako legearen eztabaida, Nafarroako Parlamentuko abenduaren 23ko osoko bilkuran. Legea aurrera ateratzeko gehiengorik ez du, gaur gaurkoz, gobernuak.

Hedadura ikaragarriko auzitzat definitu du Hitzarmen ekonomikoarena Uxue Barkosek. Geroa Baiko eledunak azaldu duenez, ez da gai puntuala, baina ez du gobernua kolokan jarriko. Hitzarmen ekonomikoaren legearen erreforman Ogasun departamentuak 67.2 artikuluan egindako moldaketa da gobernu kideen artean eztabaida eragin duena. “Autogobernuaren defentsa egin behar dugu, eta horren eskumenak parlamentuan mantendu”, adierazi du Barkosek. Gobernuarekin ez dute negoziaziorik abiatu oraindik, baina eledunak uste du epea badagoela oraindik akordio batera iristeko. Hitz egiteko prest azaldu da PSNko Ramon Alzorriz ordezkaria, eta gainerako taldeak desadostasunak albo batera uzteko gai izanen direla espero du: "Desadostasunen gainean akordioak egiteko gai gara".

Geroa Baik gaiaren inguruko galdera eginen dio ostegunean gobernuari, parlamentuko osoko bilkuran. Ez da gobernuak erantzun beharko duen bakarra izanen. EH Bilduk ere beste bat erregistratu du. Lege erreforma onartu dezaten haien babesa nahi badute, 67.2 artikulua erabakigarria izanen dela ohartarazi dio gobernuari Adolfo Araiz eledunak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!