Nafarroako ipar aldean dozena bat errepide moztu dituzte, denak bigarren mailako sarekoak, euriteen ondorioz. Eragin handiena Sakanan pairatu dituzte, Arakil ibaiaren ur-goraldiak eraginda, eta Bidasoaren korridorean, horrek ere gainezka egin baitu.
Gaur goizeko lehen orduan, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du kezkatuta dagoela Etxaurin gerta daitekeen egoerarekin; izan ere, Arga ibaiaren maila oso altua da Ultzama eta Arakilen ekarpena jaso ondoren, handitzen jarraitzeko joerarekin.
Uholdeen ondorioz itxita daude Landabenerako sarbideak; NA-7520 (Arbizu-Lizarragabengoa) 8. eta 9. kilometro artean; NA-2410 (Sakana), 12,5 eta 13,5 eta 15,3 eta 16,9 kilometroen artean; NA-7010 (Astrain-Irurtzun) 17,5 eta 20,9 kilometroen artean; NA-2316 (Zuluetako sarbidea); NA-1210 (Arraitz-Endarlatsako bentak), 40 eta 41,5 kilometroen artean; NA-7065 (Urritzolarako sarbidea); NA-4161 (Larraintzar-Iraitzotz), 0,3 kilometroan eta CF-8210 (Arraitz-Endarlatsako bentak, garai bateko NA-1210) 37 eta 38 kilometroen artean, baltsak sortu direlako galtzadan.
Gainera, NA-170 errepidean (A-15-Doneztebe), 27,5 kilometroan errei bat itxita dago Leitzarako noranzkoan luiziengatik, eta NA-137 errepidean (Burgi-Izaba-Frantzia) Belaguako mendatea itxita dago 55 kilometrotik aurrera haizeteengatik, galtzadako izotzagatik eta elur-jausiak izateko arriskuagatik.
Nafarroako Gobernuak Uholdeengatiko Larrialdi Plan Bereziaren aurrelarrialdi maila aktibatu du. Hala iparraldeko ibaien emariek nola mailek gorakada handiak izan dituzte atzotik. Argaren emaria, Etxauri parean, 899 m3/s-ra iristen da; azken 15 egunetako batez bestekoa 58,62koa zen, eta bere maila 5,75 metrokoa da, azken bi asteetako 0,71ren aldean.
Oraingoz, ez da gorabehera garrantzitsurik izan. Suhiltzaileen Zerbitzuak eta Foruzaingoak esku hartu behar izan dute, batez ere Beran eta Sakanako herrietan, xukatzeak egiteko eta, errepideetako mantentze-lanetako langileekin batera, eroritako zuhaitzak eta trafikoa oztopatzen zuten lur-jausiak eta harriak kentzeko.
AEMETek abisu horia aktibatu zuen Kantauri isurialdean. Gaur, astelehena, 24: 00etan amaitzea aurreikusten dena.