Osasuna 2-0 Cadiz

Osasuna itzuli da

Juan Kruz Lakasta 2022ko urt. 10a, 07:47

Jokalariak zaleekin garaipena ospatzen, partidar amaitu berritan (Argazkia: Osasuna)

Bigarren itzuliko lehen partidan garaipena erdietsi du Gazteluko plazako taldeak, partida serio baten bitartez. Budimirrek eta Kike Barjak sartu dituzte gorritxoen golak. Cadizek ezin izan du gol aukera bakar bat ere sortu.

Hegalak. Erdiraketak. Erremateak. Presioa. Baloi berreskurapen azkarrak. Bigarren jokaldiak. Kemena. Osasuna itzuli da, galduak ziruditen bere nortasunaren ezaugarri guztiekin, eta 10 jardunaldiren ondotik, garaipena erdietsi du, non eta Sadarren.  

Taldeak hain justu Sadarren bultzada behar izan zuen partidan sartzeko, Jagoba Arrasate COvid 19arekin dagoela eta atzo lehen entrenatzaile lanak egin zituen Bittor Alkizaren aburuz: “Lehen hamar minutuak ez dira onak izan. Zaleek partidan sartzen lagundu digute. Hortik aurrera, aurkariaren zelaian denbora asko jokatu dugu eta zorionez gure aukerak aprobetxatu ditugu”.

Arrasateren eta Alkizaren artean, 1-4-4-2 baten aldeko apustua egin zuten. Aurrealdean Kike Garciak eta Budimirrek ederki ulertu zuten elkar. Zelai erdian, Torrok maisuki jokatu zuen, eta Ruben Garciak aspaldi ez bezala egin zuen dirdira. Atzean, laurok ederki aritu ziren, baina aipamen berezia merezi du Kotek ezker hegalean egin zuen erakustaldia.

Lehen zatiaren azken txanpan, 38. Minutuan, iritsi zen lehen gola. Kike Garciaren erdiraketa bikaina arearen bihotzera eta Budimirren erremate fina ahoko zuloan. Eñaut Agirrebengoak eta Josu Ganuzak hala kontatu zuten gurean.

Bigarren gola, bigarren zatia hasi eta berehala heldu zen, bigarren minutuan. Kike Barjak zorte handi samarrarekin egin zuen, karanbolaz. Errematea  atezainak urrundu zuen, baina baloiak Noaingoaren aurpegiaren kontra jo zuen eta hala sartu zen atean.

Hortik aurrera, gorritxoek nagusitasun handia erakutsi zuten eta hurbil izan zuten hirugarren gola. Datu bat: cadizek ez zuen gol aukera bakar bat ere izan.

Garaipen honekin zama handia kendu dutela dio Bittor Alkizak. “Batez ere azken aste honetan zama handia genuen. Ostegunean horrela erakutsi zen Kopako partidan. Gaur partida serioa egin dugu eta bizkar zorrotik pisu handia kendu dugu”.

Atzoko garaipenaren ondotik Osasuna 12.a da sailkapenean, 25 punturekin. Jaitsieratik 9 puntura dago. Eta Europatik zazpira. Gaur entrenamendua izanen dute gorritxoek. Bihar eta etzi jai. Eta hurrengo norgehiagoka ez udte hilaren 19ra arte jokatuko. Vigon. Celtaren aurka.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!