Gaur arratsaldean elkarretaratzea eginen dute Lizarran, Ezker Batuaren egoitzaren aurkako erasoa salatzeko

Euskalerria Irratia 2022ko urt. 3a, 13:45

Erasotzaileek EBren Lizarrako egoitzan egindako pintaketetako bat. (Argazkia: Nafarroako Ezker Batua)

19:00etan izanen da, Foruen Plazan, eta “Faxismoaren kontra” leloarekin.

Urtarrilaren bateko goizaldean eraso faxista pairatu zuen Ezker Batuaren Lizarrako egoitzak. Indar ezkertiarrak prentsa-ohar baten bidez azaldu duenez, "erasotzaileek kalte material txikiak egin dizkiote lokalari, material informatikoa eta diru-kopuru txiki bat eskudirutan lapurtu dute”. Horretaz gain, “Viva España” (Gora Espainia) eta “Rojos a la cuneta” (Gorriak bide bazterrera) zioten pintaketak egin dituzte, eta pistola simulatu bat utzi dute lokalaren barruan.

Ezker Batuak "irmo" arbuiatu du "jasandako eraso faxista", eta "babes urraezina" eman die herriko militanteei. Koalizioak nabarmendu duenez, "eraso tamalgarri hau ez da gertakari isolatu bat. Azken hilabeteetan etengabeak izaten ari dira Ezker Batuko lokal eta kargu publikoak gure herrialde osoan zehar jasaten ari diren erasoak ". Lizarrako kasuan, "iragan egunetan, herriko afiliatu batek bere etxeko postontzian antzeko mehatxuak zituen panfleto faxista bat jaso zuen".

"Gaurko erasoarekin, gure lokala erasotzearekin, marra gorri berri bat gainditzen dela uste dugu. Izaera faxistako mehatxuen, intolerantzia bortitzaren eta gure lokalean pistola simulatu bat uztea bezalako gertakari higuingarri batean erakutsitako gorroto erradikalaren aurrean, Ezker Batuko emakume eta gizonak ez gara kikiltzen eta indar handiagoz berresten gara gure uste antifaxistetan ", adierazi dute.

Alderdiak "batasun antifaxistaren" aldeko apustua egin du, "eskuin muturrak eragindako gorroto-giroaren areagotze ukaezinaren aurrean". "Eraso faxista gehiago jasan arren, gure erakundeak beste eragile politiko eta sozial batzuekin batera lanean jarraituko du gure auzo eta herrietan, mundu bidezkoago eta solidarioago baten eraikuntzaren alde, non horrelako gertaera miserableek lekurik ez duten", nabarmendu dute.

Era berean, koalizioak elkarretaratzea deitu du urtarrilaren 3rako, 19: 00etan, Lizarrako Foruen Plazan, bere lokalaren aurkako erasoaren aurka.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!