LABek eskatu du konfinatutako haurrak zaintzeko baimena "langile guztiei" zabaltzeko

Euskalerria Irratia 2021ko abe. 30a, 13:18

Igor Arroyo, gaur eskaria erregistratu aurretik eginiko agerraldian.

Sindikatuaren izenean Igor Arroyok kritikatu du gainera 2022ko Nafarroako Kontu Orokorretan "ez zaiola nahikoa inbertsio eskaintzen osasungintzari".

LABek COVID19aren eraginez konfinatutako haurrak zaintzeko baimenak orokortzeko eskatu du Nafarroako Parlamentuan. Eskaria erregistratu aurretik agerraldia egin du abertzaleen sindikatuak eta bertan Igor Arroyok, LAB sindikatuko Idazkari Nagusi ondokoak, egoeraren balantze orokorra egin du, kritikatuta “pandemiaren aurrean Gobernuak ez duela behar besteko ahalegina egin”.

Zehaztu du ere ez dela “bere burua gainditurik ikusi duen Lehen Arreta indartu” eta aurrekontuetan osasungintzan egitea aurreikusten den inbertsioa ez dela behar bezain bestekoa, “KPIa baino txikiagoa” delako 2022ko kontu orokorretan arlo honi ematen zaion igoera.

Gauzak horrela prebentzioan eta zaintzan ahalegin handiagoa eskatu du gaurkoan LABek Parlamentuaren atarian  eta zehazki bigarren atal horrekin harreman zuzena du erregistratutako eskaerak. Izan ere bereziki COVID19a dela eta etxeratutako haurren zaintza errazteko neurriak eskatu dituzte.

Tartean argudiatu dute ohikoa dela “haurra konfinatzea eta gurasoek zaintzarako inongo baimenik ez izatea” eta modu horretan sarri “prebentzio neurriak alboratu” behar dituztela “adibidez aiton-amonekin utzita”. Horregatik eskatu dute langile publikoek duten eskubide bera gainontzeko langileei aplikatzeko, hau da “haurrak zaintzeko baimena zabaltzeko”. Azkenik Gobernuari exijitu diote "patronalarekin eseri dadila baimen hori aplikatzen hasteko".

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!