Martin Villaren kasua kudeatzen zuen Argentinako epaitegietako ganberak gizateriaren aurkako ustezko delituengatik Espainian ministro izandakoaren auzipetzea baliogabetzea erabaki du. Hala ere, auzia oraindik ez artxibatzea erabaki dute magistratuek.
Epaimahaiko kideek ebazpenean zehaztu dutenez, Martin Villari egozten zaizkion gizateriaren aurkako delituen "froga zuzenak edo zeharkako, zantzuzko, askotariko zein adierabakarrekorik" ez dago.
Epaileek ministro ohia auzipetzeko "meritu falta" deklaratu dute, baina baita haren kontrako prozedura erabat artxibatzeko ere. Hala, azaldu dutenez, "legeak, ikerketak zentzu batean edo bestean erantzunak ematen dituen bitartean, zutik dauden galderen gainean", tentuz ibiltzeko jarrera "inposatzen du".
Martin Villa, besteak beste, 1978ko Sanferminetako gertakariengatik izan zen auzipetua, baita Hego Euskal Herrian zein Estatuan mugimendu sinikalaren aurka hartutako erabakiengatik. Horiek direla eta, zenbait heriotzaren ardura leporatzen zaio.
Gertakariak gizateriaren aurkako krimentzat jo zituen Servini epaaileak. Espainiako agintari ohiak helegitea aurkeztu zuen erabaki horren aurka, eta inpartzialtasun falta egotzi zion magistratuari.
Orain, Martin Irurzun epaileak, ebazpen berriaren sinatzaileetako batek, berretsi du frogak falta direla egiaztatzeko "auzian ikertutako lau gertakarien garaian, tokiko biztanleria zibilaren aurkako plan orokor eta sistematikoa" izan zela ziurtatzeko. Eta ziurtatu du ez datorrela bat Servini epailearekin Martin Villa "berariaz gertakarien egilea" izan zela baieztatzerakoan.