Txibitek Urkulluri idatzi dio, kutsatzeen gorakadari aurre egiteko neurriak adosteko

Euskalerria Irratia 2021ko abe. 23a, 13:51

Txibite lehendakaria eta Urkullu EAEko burua, artxiboko irudi batean.

Maria Txibite lehendakariak Iñigo Urkullu Euskal Autonomia Erkidegoko buruari idatzi dio gaur goizean, covid-19aren pandemiak eragindako kutsatzeen gorakadari aurre egiteko neurriak adosteko, Eusko Jaurlaritzako iturriek Europa Press albiste agentziari jakinarazi diotenez.

Txibitek zehaztu duenez, datorren astean ezarriko lirateke neurri horiek, eta EAEren eta Foru Erkidegoaren mugakide diren autonomia-erkidegoekin adostu beharko lirateke. Hala ere, ez du argitu zer murrizketa-mota ezartzea nahi duen.

Iturri berberen arabera, Urkulluk "harridura" azaldu dio Txibiteri haren mezuaren aurrean, agintari nafarrak atzo presidenteen konferentzian ez zuelako neurririk eskatu. Urkulluk, aldiz, hamar proposamen egin zituen. Nolanahi ere, EAEko buruak elkarrizketarako prest dagoela adierazi dio Txibite lehendakariari, eta gai horri buruz hitz egiteko bi erkidegoetako osasun kontseilariak harremanetan jartzeko eskatu dio.



EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!