Bart lortu zuten gorritxoek final hamaseirenetarako txartela Riazorren Coruñako Deportivo mendean hartuta. Bat eta bi irabazi zuen Osasunaren gizonezkoen lehen taldeak, Lehen Federazio mailako taldearen aurka.
Baloiaren jabetza erabat kontrolatu zuten iruindarrek baina galiziarrek hegaletatik eta abiaduran eraikitako barneratzeetatik sortu zuten arrisku gehiena.
Lehen gola Deportivok eskuratu zuen. Area ertzean falta inozoa egin zuen David Garciak, arerioa lurrera botata eta Carlos Doncelek maixuki jaurti zuen txuri-urdinen lehen gola eskuratuta. Lehen zatiaren azken minutuan baina iritsi zen berdinketa. Roberto Torresek kornerra jaurti zuen eta Kikek errematea egin zuen banakoa ezartzeko.
Bigarren zatian Deportivok aukera gutxi izan zituen eta Osasunak hainbat aukera gozatu. 64, minutuan Ante Budimirrek Kike Garciaren jaurtiketaren aurrean etxeko atezainak eginiko geldiketaren aldaratzea jaso zuen eta bat eta bikoa ezartzeko baloia sareratu zuen.
Ezer gutxi gertatu zen ordutik aurrera baina gorritxoen nagusitasuna markagailuan ez nabaritzeagatik kezkatuta azaldu zen Jagoba Arrasate entrenatzailea:
Urtarrilaren 5, 6 eta 7an jokatuko da hurrengo kanporaketa eta esan bezala Girona egokitu zaie gorritxoei, gaur bertan Madrilen eginiko zozketan. Bigarren mailako taldea da eta une honetan zortzigarren postuan da.
Orain ligan pentsatu behar dute Gaztelu Plazakoek, igandean azken-aurreko den Getaferen aurka lehiatuko baitira Madrilgo Coliseum-en.