Ezkaba ikastetxeko ikasleekin auzolanean egin dugu gaurko Metropoli Forala saioa

Euskalerria Irratia 2021ko abe. 17a, 12:27

Aspaldiko partez, Irrintzi Dorrea gibelean utzi eta Antsoainera joan gara, Ezkaba Ikastetxe Publikora, irratsaioa zuzenean egitera.  

Gaurko Metropoli Forala saioan, Ezkababa ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleak izan ditugu bidelagun, zehazki F, E eta D geletako kideak. Ederki gozatu dugu gure entzuleentzako prestatu dituzten albisteak, txisteak, asmakizunak eta bertsoak entzunez. Ezkabako ikasle ohi Saioa Alkaizak Nafarroako Bertsolari Txapelketa irabazi berri duen honetan, bertsolaritzak tarte zabala hartu du haien solasean. 

Ikasleez gain, gurekin izan dira Jaione Altuna zuzendaria eta Ana Ocon ikasketa burua, ikastetxearen historiaren eta egungo egoera eta metedologiaren berri ematen. Guraso Elkarteko Mari Jose Arteagarekin eta Sortzeneko Marta Diezekin, besteak beste, jardunaldi jarraituaz mintzatu gara. Ana Unanue LHko 3. mailako irakasleak Leire Urbeltzekin prestatzen ari diren orma irudia izan du hizpide.  

Ikastetxetik kanpoko eragile antsoaindarrak ere gonbidatu ditugu saiora. Esate baterako, udaleko Gazte eta Kultur zinegotzi Ibai Anton, gazte mugimenduko Beñat Remon eta Txokogorri Elkarteko Ana Sada.

Saioa Antsoaingo Euskararen Astearen karietara egin dugu. Astea azaroan ospatu zen. Baina Euskalerria Irratiaren egutegi arazoengatik, saioa ezin izan da gaur arte egin.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!