Sortzenek agerraldia egin du gaur Hezkuntza Sailaren aurrean. Eskola-garraioarekin dagoen problematika salatzeko bildu dira zenbait guraso eta ikasle Santo Domingo aldapako egoitzaren aurrean "egoera alda dadin" eskatzeko eta eskola eta hezkuntza "eredu berriak" aldarrikatzeko.
Irakurritako manifestuan kritikatu dute egungo "eskola publikoa" ez dela "parte-hartzailea, eta hezkuntza-komunitateari" ez zaiola "aukerarik ematen egunerokoan sortzen diren arazo gehienen inguruan erabakitzeko". Kalitateko hezkuntza zerbitzua bermatzeko "ezinbestekotzat" jo dute komunitatea osatzen duten eragileen arteko eztabaida. Zehaztu dute baina egungo egoera kontrakoa dela eta Carlos Gimeno kontseilariak ez diela "inongo erantzunik ematen" sindikatu, hezkuntza zentro eta Guraso Elkarteen eskakizunei.
Adibide gisa jarri dute "garraioaren afera". Guraso elkarteek proposamenak egin dituzte "ikastetxeko familia guztien egoera jakiteko inkesta ezberdinak" egin ostean, autobus zerbitzua "behar bezala antolatzeko" eta "ikasle guztiak -eskolaz kanpoko jarduerak egin edo ez- etxera hobekien datorkien ordutegian itzul daitezen". Gaurkoan salatu dute, beti "Hezkuntza sailaren ezezkoa" jaso dutela "83/2021 Foru Aginduan, irailaren 8koan, hezkuntza jarduera presentziala aurrera eramateko prebentzio eta antolaketa protokoloa onesten duena 2021/2022 ikasturtea" araudia "aitzakia gisa" jarrita. Azpimarratu dute ikasturte honetarako 315/2021 araudiak "4. puntuan, eskola-garraioaren plangintza udalekin eta ikastetxe publikoetako guraso elkarteekin batera antolatzeari buruz hitz egiten duela".
Eskatu dute, "aurrekontuak onartu eta hezkuntzari dagokion partida handituko dela dirudien honetan", kontuan har daitezela eskoletan sor daitezkeen egoera desberdinak aintzat hartzea garraio publikoaren eskaintza eta antolaketari dagokionez, hau da, "eskolaz kanpoko jardueretarako, jantokietarako, garraiorako eta abar", modu honetan "hezkuntzara bideratutako diruaren zati bat gordetzea familien esku uzten dituen eta familien arteko liskarrak eragiten dituen arazoak modu egokian saihesteko".
Honekin batera eskatu dute ikasleen beharrei "zentraltasuna" emango dien Hezkuntza sistema.