COVID-19

Osasun egoera dela eta Gabonei begira "hainbat gomendio" luzatuko ditu Gobernuak

Euskalerria Irratia 2021ko abe. 15a, 16:51

Santos Indurain 2020ko udako prentsaurreko batean.

Nafarroako Gobernuak gomendioak emango ditu eta ez du arau zehatzik emango datozen Gabonetarako, Covid-19ak eragindako kutsatzeak ekiditeko. Tartean eskatuko dute "etxean gehienez bi bizikidetza unitateetako 10 kide elkartzea". Indurain kontseilariaren hitzetan "eginbeharrekoakin betetzeko ez da zertan debekurik ezarri behar". 

Osasun egoera, koronabirusa dela eta, delikatua da Nafarroan eta intzidentziari dagokionez "arrisku altuan" kokatzen da une honetan Foru Erkidegoa, Osasun kontseilariak, Santos Indurainek, ohartarazi duenez. Gauzak horrela eta ospitaleetako egoera muturrekoa ez delako, hasiera batean Gabonei begira zenbait segurtasun neurri gomendatuko dituzte agintariek baina ez dute neurri murriztailerik jarriko. Hori dela eta gaur bertan bilera egin du Gobernuak Udalarri eta Kontzejuen federazioarekin eta Ostalarien elkarteekin ospakizunak arautzeko asmoz eta "ahalik eta eskenatokirik seguruena finkatzeko".

Etxean esaterako honako gomendioak indartuko ditu Nafarroako Gobernuak Buletinean: bi bizikidetza unitateetako kideak soilik elkartzea eta gehienez hamar lagun; aireztapena bermatzea eta arnas gaitzen sintomarik izatekotan elkartzea ekiditea. 

Ostatuei dagokienez kalean kontsumitzeko aholkua luzatuko dute, eta barnealdean ahal dela lagun gutxik betetako mahaietan, eta muxukoaren erabileran zorrotz ibiltzea. Azkenik, herrietako ospakizunei dagokienez, eskatu dute horiek antolatzea soilik baldin eta segurtasun neurriak betetzeko baldintzak ematen badira, batez ere segurtasun distantziari eta aireztapen egokiari dagokionez.

Helburua da, Santos Indurainen hitzetan, "arriskuko kontaktuak ekiditea". 

Ikuspegi epidemiologikotik helduta "arrisku handiko egoeran" dago Nafarroa. Egoera hori "asistentzia-gainkarga handiko" une batean iritsi da, "batez ere oinarrizko osasun-arretan", ""gizartea nekatuta" dagoenean, eta "mugikortasun eta elkarrekintza handiagoko" datetan. Hala ere nabarmendu du egoera ez dela "inondik inora alderagarria txertoen aurreko aroarekin". Gauzak horrela berretsi du txertaketa prozesuaren aldeko jarrera, "bai zaurgarrienei dagokienez, baina baita haurren kolektiboari dagokionez ere". 

Nafarroak, abenduaren 14an, asteartean, COVID-19ak eragindako 709 infekzio-kasu berri atzeman zituen, Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren datuen arabera, aurreko egunean baino 14 gehiago, 3.981 proba egin ondoren, % 14,2ko positibotasun-tasarekin. Gaixotasun honengatik 129 paziente daude une honetan ospitaleraturik, aurreko egunean baino bederatzi gehiago, 15 lagun erietxeratu dituztelarik azkeneko 24 orduetan, horietatik 23 zainketa intentsiboetako unitatean. ZIUn 3 ospitaleratu eta alta bakarra eman zuten atzokoan. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!