Kike Barjak, denboraldi honetan Jagoba Arrasateren hamaikakoetan ezinbesteko jokalari bihurtu denak, 2026ko ekainera arte berritu du kontratua Osasunarekin. Noaingo hegaleko jokalariak beste hiru urtez luzatu du talde gorritxoarekin zuen konpromisoa.
Era berean kontratua luzatzearekin batera, akordioaren etete-klausula handitzea adostu dute, 15 milioi euro arte. Modu honetan Taxoareko harrobitik sortutako eta azken boladan kirol-progresio handia erakusten ari diren beste jokalari batzuen antzeko zenbatekoa ordaindu beharko du Barjak 2026 baino lehenago kluba utzi nahi izatekotan.
Hau da Barjak Gazteluko plazako klubaren lehen taldean jarraian betetzen duen bosgarren denboraldia, eta iazko ekitaldiaren bigarren erdian berretsi zuen bere rola titular gisa.
Gaur eman dute jokalariak eta Braulio Vazquez zuzendari teknikoak kontratu berritzeari buruzko prentsaurrekoa. Bertan, Barja, "Klubarekiko, entrenatzailearekiko eta lankideekiko eskertuta" azaldu da, harentzako "Osasunan egotea baino hobeagorik ez dagoelako". Kluba "edozein modutan laguntzeko prest" agertu da Noaingo erasoko jokalaria eta "bertan urte luzez egoteko aukera izatea" espero du.
Gainontzeko kontratu berritzeak
Gaurko agerraldian Braulio Vazquezek zehaztu du "Jagobaren kontratu berritzea gabonen ostean" hasiko direla negoziatzen baina heldu den denboraldiaren plangintza dagoeneko Berriatuakoarekin eta "Bittorrekin" egiten ari direla. Teknikarien kontratu berritzea lehenetsi du baina adierazi du "hainbat jokalariren egoera berrikusteko beharra dagoela".
Gorritxoek gaur atseden eguna izan dute eta ostegunean Coruñako Deportivoren aurka lehiatuko dira Kopako partiduan, Riazor futbol zelaian. Arerioari buruz zehaztu du "2. Federazio Mailako talderik onena dela" eta beraz "partidu zaila baina zirraragarria" izango dela.