Nafarroako Parlamentuko talde guztiek izan dituzte gaur gogoan azken egunotan urak kaltetutakoak. Aho batez adierazpen instituzionala onartu dute gaur mahai eta eledunen batzordean. Testuaren bitartez, eskumena duten erakundeei beharrezko neurriak ezartzea eskatu diete, kaltetutako gune eta udalerrietan "normaltasuna berreskuratzeko" eta ondasun publikoak berrezartzeko. Beharrezkoa balitz, aurrekontuen ezohiko kredituen bitartez egitea eskatu dute. Uholdeak hartutako lurrak hondamendi eremu berehala izendatzea nahi dute.
Datorren asteartean agerraldia eginen du ganberan Nafarroako Gobernuko Javier Remirez presidenteordeak. Gobernuaren ekinbidez egin du eskaera, "urgentziaz".
Kazetariei egindako adierazpenetan, elkartasuna adierazi diete talde guztien kaltetutako herritarrei eta zendutakoen senideei. Nafarroako herritarrek abiatutako auzolana eskertu dute EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak. Geroa Baik eta Navarra Sumak ibaiak garbitzeko beharra azpimarratu dute. Iragarpenak zalantzan jarri ditu eskuineko hirukoak. PSNk, berriz, Nafarroako Gobernuak azken egunotan egindakoa nabarmendu du.