OSASUNA 2-2 BARCELONA

Alaitasun puntu bat

Juan Kruz Lakasta 2021ko abe. 13a, 07:43

Jagoba Arrasate, atzoko partidako une batean

Osasunak merezitako berdinketa lortu du David Garciaren eta Chimy Avilaren golei esker

Alaitasuna berreskuratu du Osasunak, Barçarekin bina berdindu duen partidan: futbol ikusgarri eta ausarta egitea ez zaiela ahantzi erakutsi dute Jagoba Arrasateren mutilek. Eta harmailetan pilaturiko 21.500 zaleek gogotik eskertu dute, Sadar zaharberrituko orain arteko norgehiagokarik beroenean.

Jagoba Arrasatek alaitasuna berreskuratu nahi zuela esan zuen norgehiagokaren bezperan. Eta lortu du, lortu duenez.

Bartzelona ez da zena, baina halere aurkari handia da. Aurkari handi horrek birritan hartu du aurrea markagailuan. Eta gorritxoak, joko onaren eta kemenaren bitartez, biotan norgehiagoka berdintzeko gauza izan dira.

Berriatuakoak atzean utzi du bost gizonez osaturiko defentsa. 4-2-3-1 eskema erabili du. Ruben Garciak lotura lanak egin ditu zelai erdiaren eta Kike Garciaren artean. Eta taldearen jokoak asko eskertu du. Euskarriek askoz aukera gehiago izan dituzte jokoa sortzeko tenorean. Taldeak hasieratik jokaldi onak ehundu ditu ezker zein eskuin hegaletatik. Erdiraketa onak egin dituzte bai Manu Sanchezek baita Kike Barjak ere.

Nolanahi ere, partida hasi eta berehala lehen gola Barçak egin du. Nico gaztearen bitartez. Osasunak, baina, berehala lortu du berdinketa, korner batean: David Garciak penalti puntutik burukada ikusgarria egin du. Piquek eta Bustquetsek ezin izan dute deus egin Iberokoaren errematea ekiditeko.

Atzealdean sendotasuna erakutsi du Osasunak. Aipatu beharrejkoa, Juan Cruzek ezker hegalean egindako lan eskerga. Baina halaber ezin aipatzeke utzi Ez Abde gazteak arazo larriak eragin dituela eskuin hegaletik. Messiren bertsio simetrikoa eman du behin baino gehiagotan, Nacho Vidal (eta beste hainbat gorritxo) behin eta berriz gibelean utzirik.

Bigarren zatian, minutu eroa bizi izan du Sadarrek, norgehiagokako 49.a hain justu. Martinez Munuerak ez du penaltirik adierazi, baloiak, aldaratze batean, Sergio Busquetsen eskua jo eta gero. Jokaldiak aurrera segitu du, eta kontraeraso azkarrean Ez Abde gazteak berak gola sartu dio Sergio Herrerari. Epailearen erabakiak sutan jarri ditu harmailak. Hortik aurrera etengabeak izan dira Osasunaren aldeko eta arbitroaren aurkako oihuak. Ingurumari horretan kontzentrazioa galdu dute hainbat minutuz gorritxoek.

Arrasatek bost aldaketa egin ditu, Roberto Torres, Chimy Avila, Budimir, Brasanac eta Kote zelairatzeko. Norgehiagokaren azken txanpan, 86. minutuan, taldeak merezitako gola, berdinketa, iritsi da. David Garciak korner bat behartu du. Bi aldaratze izan dira. Eta bigarrena area ertzetik jaurtiketa zitala egiteko aprobetxatu du Avilak. Harmailetan eromena. Berdinketagatik. Eta taldeak alaitasuna berreskuratu duelako.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!