Nafarroak, atzokoan COVID-19ak eragindako 415 infekzio-kasu berri atzeman zituen, Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako datuen arabera. 2.758 proba egin ondoren, % 15ekoa da positibotasun-tasa. Aurreko egunean baino 20 kasu gutxiago dira, eta duela 7 eguneko 286 kasuen eta duela 14 eguneko 241 kasuen gainetik daude.
Koronabirusaren seigarren olatuak gorantz jarraitzen du bertan, eta arrastoa uzten hasi da ospitaleetan, nahiz eta intzidentzia aurrekoetan baino askoz txikiagoa izan, txertaketaren ondorioz. Azken zazpi egunetan 76 gaixo erietxeratu dituzte, uztailak geroztik zifrarik altuena.
Gaur egun, 120 pertsona daude COVID-19arengatik ospitaleratuta, eta kopuru hori 5 aldiz biderkatu da azken hilabetean. Azaroaren 6an 24 pertsona baitzeuden Nafarroako ospitaleetan.