Mitxel Lakuntza: “Gobernuaren eta EH Bilduren arteko akordioak ez dakar inolako hobekuntzarik”

Juan Kruz Lakasta 2021ko abe. 2a, 13:45

ELA sindikatuko idazkari nagusiak “kezka handiz” dakusa foru exekutiboaren eta koalizio independentistaren arteko aurrekontu hitzarmena, “zerga politika aldatu gabe ez dagoelako aurrera egiterik”.

Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko zuzendari nagusi berrautatu berriak Metropoli Forala saioan azaldu duenez, zerga politika aldatu gabe ez dago Nafarroako Gobernuaren politika aldatzerik. Eta hori horrela, Txibiteren exekutiboak koalizio independentistarekin loturiko akordioa balio urrikotzat jo du. “Ez dugu ulertzen zergatik dioten EH Bilduko ordezkariek balio politiko handikoa dela, ez baitu deus aldatzen”.

ELAko buruaren aburuz, egungo fiskalitatea Barcinak zerabilen bera da, gastu sozialetan ez da aurrera egin, eta euskararen alorrean atzera egiten ari da. Hori horrela, EH Bilduk Iruñean zein Gasteizen duen jarrera kezkagarritzat jo du, “sindikatuek ezkerreko indar eraldatzaile bat behar dutelako erakundeetan”.

Lakuntza botoen %90arekin berrautatu dute idazkari nagusi, joan den astean Bilbon egindako XV. kongresuan. Hartan, aklamazio bidez onartu dute Euskal Errepublika Konfederala xedetzat finkatzen duen ponentzia politikoa. Aldaketa historikoa da, ELAk 1979an autonomismoaren alde egin zuen eta: “Errealistak gara, badakigu euskal errepublika ez dagoela hurbil, baina helburuak finkatu egin behar dira estrategia egokiak diseinatu ahal izateko”.

Lakuntzaren irudikoz, Espainiako Diputatuen Kongresuko lan eta pentsio erreformek murrizketak ekarriko dituzte. Horren aitzinean ez du greba orokorrera deitzeko aukera baztertzen, baina gaineratu du huelga helburu zehatzekin egin beharko litzatekeela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!