426 langabe gutxiago azaroan

Euskalerria Irratia 2021ko abe. 2a, 10:49

Nafarroako enplegu zerbitzuko bulego bat, artxiboko irudi batean.

Nafarroan, azaroan, 426 langabe gutxiago erregistratu ziren enplegu-zerbitzu publikoen bulegoetan, beraz, % 1,33 gutxiago. Gauzak horrela, 31.702 langabe daude foru erkidegoan.

Urte arteko tasari dagokionez, langabezia 7.825 pertsonatan jaitsi da Nafarroa Garaian, %19,80, Espainiako Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioak ostegun honetan argitaratutako datuen arabera.

Azaroan, langabeziak behera egin du Nafarroan bi sektoretan, zerbitzuetan (306 langabe gutxiago) eta industrian (101 langabe gutxiago). Halere, eraikuntzan 38 pertsona gehiago daude, eta nekazaritzan 30 gehiago. Aurreko enplegurik gabeko taldeak 87 pertsona gutxiago ditu erregistratuta.

Generoaren araberako arrakalak handia izaten segitzen du: erregistratutako 31.702 langabeetatik 12.887 gizonezkoak dira eta 18.815 emakumezkoak; 2.952 25 urtetik beherakoak (1.540 gizon eta 1.412 emakume) eta gainerakoak, 28.750, adin horretatik gorakoak (11.347 gizon eta 17.403 emakume).

Sektoreka, gehienak, 21.269, zerbitzuen sektorekoak dira; 4.114 industriakoak; 1.909 nekazaritzakoak eta 1.396 eraikuntzakoak. Aurreko enplegurik gabekoak 3.014 dira.

Espainian jaitsiera handiagoa izan da: 74.381 langabe gutxiago zeuden erregistratuta azaroan, %-2,3 hain zuzen ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!