Espainiako Armadari laguntza eskatu dio Nafarroako Gobernuak, covid 19aren aurkako aztarnari gehiago eduki ahal izateko

Euskalerria Irratia 2021ko aza. 30a, 07:52

Espainiako militarrak Iruñeko Alde Zaharrean, covid 19aren aurkako desinfekzio lanetan, artxiboko irudi batean.

Espainiako soldaduek lehen ere egin izan dituzte aztarnari eta desinfekzio lanak Nafarroan. Orduan, hainbat kolektibok eta sindikatuk salatu zuten Armadaren irudia zuritzeko ahalegin hutsa zela.

Sei autonomia erkidegok laguntza eskatu diote Defentsa Ministerioari azken asteotan, Margarita Roblesek zuzentzen duen Departamentuak jakitera eman duenez. Zehazki, Asturiasek eskatu du Indar Armatuetako 20 kidek bat egin dezatela bere erkidegoan miaketa-lanekin; Balear Uharteek 30 kideren laguntza eskatu du, beste 30ena Kantabriak, 12rena Kanariar Uharteetakoak, 20rena Aragoik eta 12rena Nafarroako Gobernuak.

Horrela, autonomia erkidegoek detekzio- eta prebentzio-zerbitzuak indartzen ari dira, koronabirusaren olatu berri baten hedapena geldiarazteko, eta Indar Armatuek pandemiari laguntzeko bigarren fasea hasi zenetik eskainitako lankidetza indartzea erabaki dute, Baluarte misioa izenpean.

Operazioa 2020ko irailaren 30ean hasi zen, eta Indar Armatuek arakatzaile militarrekin laguntzen diete eskatu duten autonomia erkidego guztiei. Intzidentziak behera egin ahala kopurua gutxituz joan zen arren, azken asteetan zenbait komunitatek berriro eskatu dute arakatzaile militarren kopurua handitzea, kasuen gorakadaren aurrean.

Lan horiekin bat egin duten azkenak Lurreko Armadaren Galiziako Brigadako 3 Printzea Erregimentuko bi pelotoi (hogei militar) izan dira astelehen honetan Asturiasen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!