Osasuna 1 - 1 Elche

Puntu bat eta gaitz erdi

Juan Kruz Lakasta 2021ko aza. 30a, 07:32

Jagoba Arrasate, atzoko norgehiagokako une batean. (Argazkia: osasuna)

Osasunak eta Elchek bana berdindu zuten bart gauean Sadarren jokaturiko norgehiagoka irekian.

Elche jaitsiera postuetan iritsi zen euskaldunon hiri buruzagira. Osasuna sailkapenaren erdian zegoen eta dago. Baina bi taldeok oso partida parekatua egin zuten. Gol aukerei, baloiaren jabetzari, jokoari dagokionez. Kanpoko taldea ez ote zen gehiago izan.

Jagoba Arrasatek eskema aldaketa egin zuen, eta aspaldiko partez 4-4-2koa erabili zuen. Kike eta Budimir aurrean jarrita. Biko euskarriari sendotasun handiagoa eman nahian Oier zelairatuz. Ezker hegaletik erdiraketak egiteko Koke zelairatuz. Asmoa bistakoa zen: joko bertikal eta zuzena egitea.

Eta eskema aldaketak ongi funtzionatu zuen hasieran. Lehen minutuetan, Nacho Vidalen eta Kike Barjaren erdiraketa bikainen eskutik Kike Garciak eta Ante Budimirrek gol aukera argi bana eduki zuten. Eibarreko aurrelari ohiak ahoko zuloan huts egin zuen. Kroaziarraren erremateak zutoinean jo zuen.

Handik gutxira, Fidelek penalti inozo samarra egin zion Nacho Vidali. Besoarekin kolpetxoa eman zion. Epaileak adierazi izan ez balu ez zen deus gertatuko baina adierazi zuen. Eta Budimirrrek lasaitasunez Osasunaren lehen gola lortu zuen, zazpigarren minutuan.

Elchek ez zuen amore eman. Emeki-emeki baloiaren jabetza bereganatu zuen. Eta korner batean, beste behin ere korner batean, Osasunari gola egin zion Fidelek, penaltigileak, lehen zutoinean aurrea hartuz, 19. minutuan.  

Atsedenaldira arte ELche gehiago izan zen. Eta Lucas Perezek abagune argi bat eudki zuen. Eskerrak Sergio Herrerak erantzun bikaina eman zion.

Lehen zatian bezala bigarrenean, hasierak kolore gorria eduki zuen. Batez ere, norgehiagoka bikaina egin zuen Kike Barjaren ekinaldiei esker. Noaingoa buruz burukoan behin eta berriro ausartu zen, hegal batean zein bestean. Haatik, Elcheren kontraeraso batean Licas Boyek baloia zutoinera bidali zuen, ahoko zuloan.

Hortik aurrera, Osasunako jokalarien artean urduritasuna eta zalantzak gailendi ziren. Eta Elchek sarri eudki zuen baloiaren jabetza. Azken minutuetan Kike Garciak gol aukera argia eduki zuen. Baina ez zuen baliatu.

15 partida jokatuta lanaren erdia egin du Osasunak: 20 puntu patrikaratu ditu. Baina bolada txarretik ezin atera dabil: sei norgehiagoka daramatza irabazi gabe.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!